2026-11-17
HomeEkintza SindikalaJarraipen zabala izaten ari da EAEko sektore publikoko greba

Jarraipen zabala izaten ari da EAEko sektore publikoko greba

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok deitu dugu greba EAEko sektore publiko osoan, “Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu” lelopean.

Lehen orduan jasotako datuen arabera, EAEko sektore publikoko grebaren jarraipen zabala izaten ari da. Sektorean %80ko ordezkaritza duten sindikatuek deitu dute. Sektoreka aztertuta:

– Hezkuntzan, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izango duela dirudi. Hezkuntza Publiko ez unibertsitarioan gutxieneko zerbitzuak handitu izanak milaka hezitzaile utziko ditu greba eskubiderik gabe.

– Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da lehen orduotan. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuek ezarritako albistegiak bakarrik emititzen ari direla. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, grebaren jarraipena zabala izaten ari da.

– Osakidetzan gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak direlako. Adibidez, gaueko txandako langileetako ia inork ere ezin dezake greba egin.

– Administrazio Orokorrean eta Justizi administrazioan jarraipena aurreko grebarena baino zabalagoa izango da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra. Udal eta foru esparruan ere grebaren jarraipena oso zabala izango dela dirudi.

– Datu bezala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (OSE) langileek grebarekin bat egin dute, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko da.

Lehen orduko piketeen ostean, hiru hiriburutan egingo dira manifestazioak 11.30ean hasita: Bilbon Udaletxetik, Donostian Bulebardetik eta Gasteizen Bilbao plazatik. Greba jarraipena ikusita manifestazioak oso jendetsuak izango direla uste dute sindikatu deitzaileek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste mobilizazio egun bat Osakidetzan

Mahai Sektorialean aurrerapauso nahikorik ez dagoenez, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu gaur lan zentro guztietan: 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretan.

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreak beste bi greba egun iragarri ditu Hego Euskal Herrian, azaroaren 26an eta 27an

LABek, ikuskizun eta ekitaldien sektorean Nafarroan ordezkaritzaren %100 duen sindikatuak, EAEko beste sindikatuekin batera (Teknikariok, ESK, ELA CCOO, UGT eta CNT) bi greba egun berri deitu ditu negoziazioak desblokeatzea eta sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea eskatzeko. Deialdi bateratuak bi lurraldeetan partekatzen den aldarrikapen bati erantzuten dio: prekarizatutako sektore baten erregulaziorantz aurrera egitea.

Mobilizaziorako deia egin dugu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako

Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ostean, LAB, ELA eta ESK sindikatuok aurrerapausorik ez dagoela salatu dugu, eta abenduan bi elkarretaratze eta 2027an balizko grebak iragarri ditugu, Gizardatz patronalak aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu.