2024-05-22
HomeEkintza SindikalaEuskotreneko Independienteek eta LABek mobilizazioa egin dute berdintasunaren inguruko ikastaro bat borondatezkoa...

Euskotreneko Independienteek eta LABek mobilizazioa egin dute berdintasunaren inguruko ikastaro bat borondatezkoa dela salatzeko

Mobilizazioa egin dute Bilbon, Alde Zaharreko geltokiko San Nikolaseko irteeran, eta betan salatu dute Euskotreneko langileei zuzendutako ikastaro bat borondatezkoa dela, berau derrigorrezkoa izatea eskatuz.

Oraintxe beteko dira hiru hilabete EuskoTreneko langileek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko sentsibilizazio ikastaroaren berri izan zutenetik. Pozgarria izan beharko litzatekeena, ordea, harriduraz eta haserrez bizi izan zuten, inolako aitzakiarik eta salbuespenik gabe langile guztientzat derrigorrezkoa izan behar litzatekeen berdintasun ikastaroa borondatezkoa dela. Borondatezkoa eta ordaindua. Hala ere, enpresak soilik ez, sindikatu batzuetako ordezkariek ere begi onez ikusi zuten enpresaren proposamena, eta horrekin batera, ikastaroarekin aurrera jarraitzeko beren babesa eskaini zuten. Zoritxarrez, munduko beste zenbait tokitan bezala, Euskotrenen ere emakumezkoek jasaten dituzte gizarte heteropatriarkal honek eragindako egoerarik latz eta bortitzenak. Hortaz, ikastaroak derrigorrezkoa behar duela uste dute Independienteek eta LABek.

EuskoTrenek erakusten duen berdintasunarekiko jarrera itxurakeria hutsa dela salatu dute. Horren adibide garbia da enpresak aldebakarrez onartutako IV. Berdintasun Plana. Alde sozialeko inork sinatu eta onartu gabeko plana erregistratu zuen enpresak, negoziazio trakets baten ondoren, eta datuak nahieran moldatu eta erabili zituzten haien mesederako. Plana ez zen gizartera ezta enpresara ongi egokitzen, ez zegoen plana aurrera eramateko aurrekontuen nondik norakoen berririk, plana osatzeko erabili zituzten neurgailu eta arduradunak interesatuak ziren, eta abar.

Tamalez, egoera aldatzen ez dela ikusita, langile askok ikastaroa egiteari uko egin behar izan diote, ez baitute begi onez ikusi ikastaroa borondatezkoa izanik, berau egitearen truke eskaini duten ordainsaria.

Adierazi dute, prozesu honekin, ikastaroa merkantilizatzea baino ez dutela lortu, langileen artean guztiz gaitzesgarriak diren jarrerak bultzatzeraino.

Otsailaren 6an, jazotakoaren berri ematen duen idatzi bat bidali zioten Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta Larrabideri. Oraindik ez dute erantzunik jaso, baina aukera dute gure aldarriei eusteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Sailburua den Nerea Melgosak komunikabideetan berriki adierazi duenez, berdintasuneko lege berriak garrantzia handia ematen omen dio prestakuntzari: “Berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da, eta ezinbestekoa da berdintasunerantz aurrera egiteko gizarte honek behar duen balio-aldaketa.’’ Gaineratu du legeak administrazio publikoei eskatzen diela bere langile guztiek derrigorrezko prestakuntza jaso behar dutela. Beraz, guztiz onartezina da EuskoTren bezalako enpresa publiko batean arduradunek erabaki dutena eta langileak bizitzen ari direna.

Horiek horrela, berdintasun ikastaroaren derrigortasunaren aldeko apustua egin dute langile askok, eta besteak beste, honakoa eskatu dute: Ikastaroa EuskoTreneko langile guztientzako (zuzendaritza eta goi- karguak barne) nahitaezkoa izan dadila, lanorduetan eta presentzialki egin behar izatea eta horretarako formakuntza duen norbaitek ematea, formakuntza hau ez dadin itxurakeriaz erabili, lan harremanak eraldatzeko baizik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal hitzarmenen lehentasuna bermatuta, esparru propioaren eraikuntzan urrats gehiago eskatu ditugu

Aurreko erredakzioa hobetzeko LABetik egin genituen eskarietako batzuk aintzat hartu dira; ondorioz, Euskal Herriko langileek bertako hitzarmenen lehentasuna bermatu ahal izango dute.

Osakidetzako zuzendaritzak eta Osasun Sailak ikuztegiak publifikatzeari ekin behar diote, LABek lortutako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren

Eskaera formal bat aurkeztu dugu Osasun Sailean, Osakidetzan ikuztegi lanak publifikatzeko behar diren elkarrizketei ekiteko asmoz.

Gasteizko Francisco Vitoria institutuan lan-osasun arloko prebentzioa bermatzeko exijitu dugu

Ikastetxeko langileek eta sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko zuzendaritzak uko egin diote arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteari.