2026-08-20
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaSoldata-arrakalarekin amaitzeko, zaintza lanak aitortu eta banatzearen alde egiten dugu

Soldata-arrakalarekin amaitzeko, zaintza lanak aitortu eta banatzearen alde egiten dugu

Gaur da otsailaren 22a, soldata-arrakalaren aurkako eguna, eta Donostia eta Iruñean mobilizatu gara. Donostian, pankarta erraldoi bat eskegi dute sindikatuko kideek Bretxako merkatuko teilatutik, eta Iruñean, elkarretaratzea egin dugu Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, Merindadeen plazan.

Soldata-arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata-arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da.

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa: ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gurpilak ekoizteari.

Emakumeoi* ematen diguten zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa: zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak…) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat*.

Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostengatzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilejioari eusten diote.

Patronalak zein instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu behar dugu: instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzukidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera.


Horren aurrean, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea. Hori horrela ez den bitartean, soldata arrakala mantendu egingo da.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea.
  • Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren sostengarritasun faktorea aplikatuko genuke.
  • Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
  • Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala deitu diogun zuzenketa faktorea aplikatzea proposatzen dugu.
  • Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatu.
  • Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...