2026-10-31
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzaren BGAE dekretuak ez die langileriaren beharrei erantzuten

Eusko Jaurlaritzaren BGAE dekretuak ez die langileriaren beharrei erantzuten

Eusko Jaurlaritzak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) inguruko dekretua onartu berri du. Dekretua aztertzeko, BGAE-ek izaniko bilakaera aztertu behar genuke. Izan ere, BGAE-ak sortu zirenetik ez dute lortu pentsio sistemaren osagarri duin unibertsala izatea Euskal Herriko langileriarentzat, ezta enplegu BGAE-ak bultzatu diren lurraldeetan ere. Ez dira unibertsalak eta ez dira solidarioak, ez dira langile guztientzako tresna eta ez dira ez banaketa-sisteman oinarritzen eta ez dituzte pentsio sistema publiko batek izan ditzakeen birbanaketa mekanismoak.

Ondorioz, langileen eta pentsiodunen arteko arrakalak handitzen dira: behar gehien duten langileak BGAE-etatik kanpo daude, BGAE duten eta ez dutenen aldea handitzen doa, baita enplegu BGAE duten langileen artekoa ere, sektore prekarizatuenetan, feminizatuetan nagusiki, ekarpen txikiagoek prestazioak murriztea ekartzen baitute. Gainera, pentsio sistemaren osagarri izatetik gero eta urrunago daude, aurrezki funts gisa funtzionatzen dute eta.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak ez du BGAE-en norabidea aldatzen, are gehiago, egungo eredua betikotzen du. Ez dio langileriak eta pentsiodunek dituzten beharrei erantzuten, BGAE-ek garatu duten eredua ezartzen du. Gainera, lehen zirriborrotik hona egin dituzten aldaketek, enplegu BGAE-etan egon zitezkeen aurrerapauso leunak ezabatzea ekarri dute, kapitalizatu ahal izateko muga igoz eta muga gainditzen dutenei ere zati bat kapitalizatzeko aukera eskainiz.

Euskal Herriko langileriak, eskaera indibidualei erantzungo dien BGAE dekretu bat baino, langileriaren eta pentsiodunen aldarrikapenei erantzungo dien politikak behar ditu. Egoera kalteberenean dauden langileentzat neurriak ezarriko dituzten politikak. Horrek, hasteko gutxienez pentsioak 1.080 euro arte osagarritzea ekarri beharko luke, pentsiodunen aldarrikapen historikoei erantzunez eta Euskal Herriko pentsio sistema publiko propio baten mesedetan urratsak emanez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....