2026-10-06
HomeEkintza SindikalaNafarroa hegoaldeko abeltzaintza eta nekazaritza zentroetako langileek atseden hartzeko eskubidea aldarrikatu dute...

Nafarroa hegoaldeko abeltzaintza eta nekazaritza zentroetako langileek atseden hartzeko eskubidea aldarrikatu dute Iruñean

LAB sindikatuak deituta, Nafarroa hegoaldeko landa eremuko langileek manifestazioa egin dute gaur eguerdian Iruñean, Ez gara makinak lelopean, negoziatzen ari den Nekazaritza eta Abeltzaintza lan zentroetako hitzarmenean astean bi eguneko atsedena ezar dezaten aldarrikatzeko. Manifestazioa baino lehen, goizean, ibilgailu karabana batek Tutera, Cadreita, Azkoien eta Tafallako errepideak zeharkatu ditu.

LAB sindikatua, Nafarroako landa eremuko langileekin batera, kalera atera da lan-baldintzak hobetu daitezela aldarrikatzeko. Langile horietako gehienek asteko lanaldiak astelehenetik larunbatera egiten dituzte, astean atseden-egun bakarrarekin, eta hori bukatzea da hitzarmenerako aldarrikapen nagusietako bat.

Azken hilabeteetan, sektore agropekuarioko hitzarmena negoziatzen ari da, non LAB sindikatua bigarren indarra baita. Sindikatu honek proposatu zituen zenbait hobekuntza, hitzarmen berriak bete beharrekoak, Nafarroako landako langileen lan-baldintzak hobeak izan zitezen, eta patronalak batzuk onartu zituen, baina oraindik ere garrantzitsuenetako bertze batzuei ezetz erraten die.

LAB sindikatuak behin baino gehiagoetan salatu ditu sektore honen lan-baldintzak. Funtsezko sektorea da, guztiok Nafarroako barazkiak eta haragia jan ahal izatea bermatzen duena bermea, eta orain aukera paregabea dugu baldintza horiek hobetu daitezen borrokatzeko. Soldatez gain (bizitza igotzen den bezala igo behar dira), landa-eremuan lan egiteko baldintzak oso garrantzitsuak dira; lanaldiak eta atsedenaldiak funtsezkoak dira eta, horregatik, lanaldi jarraitua eta astean bi atseden-egun jarraian izatea eskatzen ditugu.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatua mobilizatu egin da gaur, Nafarroako landa eremuko langileekin batera, Tuteratik Tafallarainoko auto karabana batekin lehenbizi, eta manifestazio batekin gero. Nafarroako landa eremuko lan-baldintzak gizarte osoaren erantzukizuna dira, eta horregatik aldarrikatu dugu jaten ditugun elikagaiek eskubidez beteta egon behar dutela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.