2024-05-09
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaAHTren aurkako manifestazioarekin bat egin du euskal gehiengo sindikalak

AHTren aurkako manifestazioarekin bat egin du euskal gehiengo sindikalak

LAB, ELA, STEILAS, ESK, CGT, EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok gure atxikimendua adierazi nahi diogu larunbatean, hilak 7, 18:30ean, Tafallan eginen den manifestazioari, ondorengo lelopean: “AHT/TAP korridoreak isolatzen gaitu. AHT-ri ez!”. Honez gain, Nafarroako langileria osoa deitzen dugu “Erdialdea trenaren alde” plataformak antolatu duen manifestazioan parte har dezan.

Lehenengo eta behin, ELA – LAB – STEILAS – ESK- CGT – EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok berriro berresten gara gure kontrakotasun irmoan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) edota Prestazio Handiko Trenaren aurka.

AHT eztabaidagai eta mobilizazioen iturburu izan da hainbat urtez. Iraganean baloratu genuen aurreko Nafarroako Gobernuek eta Madrileko Gobernuak egin nahi zuten azpiegiturari, “inondik inora ez doan trena” izenez ezagutzen genuenari, burugabekeria izateaz gain, xahubidea zela irizten geniola. Horrengatik, proiektua gerarazteko konpromisoa ere adierazi genuen. Ez da beharrezkoa eta ez dugu nahi!

Nafarroako Erdialdeko jendea, eta batez ere Tafallako herria, aldarrikatzen ari da Espainiako gobernuak eta Geroa Bairen gobernuak, Ayerdi jaunaren eskutik, Nafarroako gizarteari ezarri nahi dioten proiektua ekologiaren aurkakoa, baliabideen xahutzailea eta hiritarron premia sozialei ekiteko ezegokia dela. Horren adierazgarri garbia, AHTren eraginez, Tafallako tren-geltokia itxiko litzateke, eta Tafallarrok kotxez joan beharko genuke Etxabakoitzen eraikiko den tren-geltokiraino (20 minututako bidaia), gero, berriro igarotzeko Tafallatik trenean.

Proiektu honen ezarpena saihesteko, funtsezkoa suertatuko da gardentasun ezarekin amaitzea, parte-hartzea sustatzen ez duen eztabaidari ez ekitearekin eta erabakitzerakoan, hiritarrak aintzat ez hartzearekin amaitzea. Arbuiatzen dugu edozein parte-hartzeari eta alternatibak aurkeztu ahal izateari ateak itxi izana Nafarroako Erdialdea osatzen duten herrietan, Tafalla eta Tutera, batez ere, baztertuz.

Aldaketa geure geroaren jabe izatean datza. Aldaketa egiteko, mugigarritasun jasangarriaz eta garraio publikoaz ari garenean, batez ere, “sen onez” aritu behar da, gizarte-errentagarritasunari lehentasuna eman behar zaio, ekonomikoki arrazoizkoak diren eta gizarte politikei murrizketarik eragingo ez dien proiektuak sustatu behar dira, eta ekologiarengan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien txikiagotu behar da ere. Alegia, AHTri falta zaion guztiaz ari gara.

Honengatik guztiarengatik, ELA – LAB – STEILAS – ESK- CGT – EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok:

-Nafarroako langileria deitzen dugu larunbata honetan, urriak 7, 18:30ean, Tafallako Nafarroa enparantzatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan.

-Nafarroako gobernuari eskatzen diogu AHTren proiektuari berrekiteko asmoa bazter dezala eta Nafarroak behar duen trenbide-sareari buruzko eztabaida sozial eta politikoa zabal dezala.

-Honen bidez agintzen dugu proiektu honen aurkako iritzia sustatzeko, bide partekatua eratu dadin eta Nafarroako hiritarren borondatea beteko duen alternatiba eraiki dadin lan egingo dugula.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.