2026-05-03
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaGaroña ixtea lortuta, lanean jarraituko dugu energia burujabetzaren bidean

Garoña ixtea lortuta, lanean jarraituko dugu energia burujabetzaren bidean

Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalek gaur eguerdian adierazi duenez Garoña ez dute berriz zabalduko. Euskal Herriko eragile sozial zein sindikalek urte luzez egin dugu borroka zentral nuklearren eta egungo eredu energetikoaren aurka. Hala, Lemoizko zentrala ez irekitzea lortu genuen lehenik eta neurri handi batean Euskal Herriko eragile sindikal eta sozialek egindako borrokaren ondorio ere bada Garoña berriro ez irekitzeko erabaki hau.

Borrokak bere fruitua eman du, baina, ezin dugu ahaztu Espainiar Estatuko Energia ministro Alvaro Nadalek aipatu moduan, “nuklearren aurkako oposizio zabalaz” gain, “bideragarritasun ekonomiko eza” ere badagoela erabaki honen atzean. Beti bezala, elite ekonomikoen interesak.

Horrela bada, ozen diogu ezin dugula elite ekonomikoen interesen arabera antolatzen den Estatu baten menpe segi. LABek burujabetzaren bidea jorratu behar dugula dio berriro ere; burujabetza arlo guztietan eta nola ez, baita burujabetza energetikoa ere.

Garoñaren behin betiko itxiera aprobetxatu nahi dugu Euskal Herriak ere bere energia eredu propioa landu behar duela aldarrikatzeko. Energia nuklearrari ezezko irmoa eman diogu behin eta berriro, baina, energia burujabetzaren bidean, ezinbesteko dugu energia fosilen eredutik urrundu eta energia berriztagarriei bide ematea. Trantsizio ekosozialistaren logikan, energia berriztagarriei lehentasuna emanez, besteak beste instalazio sakabanatuak zabaldu eta eraginkortasun energetikoaren inguruko lanketak indartu behar dira.

LABn ustez eredu energetiko berriak garbia eta demokratikoa izan behar du. Pertsonok bizitzeko behar beharrezko dugu eta, arrazoia edozein dela ere, Euskal herritar bakarra ere ezin da energiarik gabe gelditu. Honenbestez, proposatzen dugun eredu berriaren zutabe, energiaren jabetza zein kontrolak publikoa izan behar dute.

Garoña ixtea lortuta urrats bat egin dugu aurrera eta aurrerantzean ere, gainerako eragile sozial zein sindikalekin batera, elkarlanean jarraituko dugu energia burujabetzaren bidean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...