2026-09-28
HomeEkintza SindikalaGreba Feminista Orokorraren atarian, Elizondoko nagusien egoitza publifikatzeko aldarria egi bihurtzea #LortuDugu,...

Greba Feminista Orokorraren atarian, Elizondoko nagusien egoitza publifikatzeko aldarria egi bihurtzea #LortuDugu, zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuaren eskuetatik kenduta

Langileak borrokaren konstantziaren eta irmotasunaren eredu izan dira. Izan ere, 2009an Elizondoko egoitzaren pribatizazioaren kontra mobilizatu ziren, eta, orduz geroztik, zaintza lanen pribatizazioak eragindako arazoei aurre egiteko borrokan aritu dira.

2009ko pribatizaziotik aurrera, IDEA enpresarekin etengabeko talkan egon dira langile hauek, interes pribatuen aurrean langileon eta egoiliarren interesak lehenetsiz eta modu kolektiboan, Baztaneko biztanle eta eragileekin batera, bestelako zaintza eredu baten beharra exijitu eta aldarrikatu dute eskualdean.

Langileen borrokari eta udal borondateari esker, abenduaren 1etik aurrera, Elizondoko zahar egoitzako langileak enpresa publiko bateko langileak izatera pasako dira, eta IDEA enpresa zerbitzutik kanpo geratuko da, azken honek prozesu honen aurka jo izan duen arren. Modu honetan, pribatizazioari ateak itxi eta publifikazioaren etapa berriari ekingo diote langileek.

Langile hauek erakutsi digute zaintza sistemaren eredu aldaketa premiazkoa dela eta instituzioek bultzatzen duten zerbitzuen pribatizazioari aurre egitea ezinbestekoa dela. Bestelako zaintza eredu baten alde borrokatzeko eta zaintza sistema publiko bat aldarrikatzeko beharrean gaude. Borroka hau Euskal Herriko zaintza sistemaren eredu aldaketaren adibide esanguratsua da. Hortaz, Baztanen haritik tiraka, egin dezagun posible publifikazioa Euskal Herri osoan.

Zaintza lanak negozio izan ez daitezen eta denon eskubide izan daitezen, duintasunez zaintzeko eta duintasunez zainduak izateko, Greba Feminista Orokorrera goaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu salgaien garraioaren antolakuntzan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.