2026-09-26
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaBEC-ek emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu

BEC-ek emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu

Orain dela urtebete inguru, jubilatu ziren hiru langileren ordezkapenak egiteko kontratazio berriak egin zituzten BECen. Aurretik zeuden langileak, hiru gizon, lehen mailako ofizial administratibo kategoria zuten. Ordezkapena egiteko kontratatu zituzten langile berriak, hiru emakume, nahiz eta funtzio eta ardura berdinak bete eta prestakuntza maila altuagoa izan, bigarren mailako ofizial administratibo kategoriarekin kontratatu zituzten. Egoera hau slatzeko elkarretaratze bat egin dugu BEC-en aurrean, Barakaldon.

Enpresa komitean, egoeraren berri jakin zutenean, honen zergatiaren inguruan galdetzeko Giza Baliabideetako Departamentuarekin harremanetan ipini ziren. Hasiera batean “froga” aldian soilik izango zela aipatu bazieten ere, nahiko susmo txarra hartu zioten egoerari, oinarrian sexuaren araberako diskriminazio kutsua ikusten baitzuten. Ondorioz, honen jarraipena egiteko ardura hartu zuten.

Dagoeneko ia urtebete pasatu denean ez diete kategoria aldaketarik egin. Gainera, orain enpresa-komitetik giza baliabideetako arduradunarekin gaiaren inguruan berriro hitz egin dutenean, zeuzkaten susmo txarrak baieztatu dizkiete eta aipatu die ez dituztela dagokien kategoriara aldatuko, bestelako azalpenik gabe.

Hau dela eta, sexuaren araberako diskriminazio zuzenaren aurrean aurkitzen garela argi dugu. Izan ere, jarduera hau generoagatiko diskriminazio zuzenaren adibidea da eta modu argian urratzen du Eusko Jaurlaritzaren 2005eko Emakume eta Gizonen arteko berdintasun Legea. Honen arabera:

“Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta –haurdun egonda edo ama izanda, esaterako– beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.”

Gainera, ezin dugu ahaztu enpresa publiko bati buruz hitz egiten ari garela, egoera hau oraindik eta larriagoa egiten duena. Hau da, praktika matxista hauek diru publikoz laguntzen dituzte berdintasun legea urratzen ari duten bitartean. Hortaz, ulertzen dugu ikerketa ireki behar dela bide administratibo eta penaletik, eta praktika diskriminatzaile hauekin jarraituz gero, diru publikoz laguntzeari utzi eta dagozkion neurriak hartzea exijitzen dugu.

Argi dugu BECen, emakumeon diskriminazioan oinarritutako prekarizazio prozesua martxan jarri nahi dutela eta emakumeak erabiltzen gaituztela helburu honetarako. Alegia, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkalaren logikan, horrelako jarduera matxistek lekua daukate eta inpunitatez praktikatzen jarraitzen da, lan-baldintzak kaskartzeko helburuarekin.

LABek ez ditu onartzen eta ez ditu inoiz onartuko matxistak eta emakumeekiko diskriminatzaileak diren jarrera hauek, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunari mesede eskasa egiten diotenak. Lanean jarraituko dugu eta mota honetako diskriminazioa jasaten dutenak defendatzera animatuko ditugu, Euskal Herritik erauzi arte. Era berean, instituzioei exijitzen diegu behingoagatik Berdintasun Legea ezarri dezatela eta berau benetan bete dadin beharrizko dituzten mekanismoak jar ditzatela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.