2026-10-26
HomeIndustriaIndustria KimikoaMichelin langile ebentualak masiboki kaleratzen ari dela salatu dugu

Michelin langile ebentualak masiboki kaleratzen ari dela salatu dugu

Lan Ikuskaritzak 137 kontratu, iruzurrezkoak direlakoan, mugagabe bihurtzeko ebatzi ondoren, Michelinek erabaki du kontratu ebentuala bukatzen duten pertsonak kalean uztea. LABek exijitzen du kaleratzeak etetea, kaleratutako langileak berronartzea eta mobilizazioak eta kontratazio eredu berri bat proposatuko ditu, iruzurra ekiditeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko.

Duela egun batzuetatik, Michein beraien kontratu ebentuala bukatzen duten langileak kalean uzten ari da eta hurrengo asteotan, hamarnaka pertsona kaleratuak izan daitezke. LABen ustez, iruzurraren bigarren botea da, beraien lanpostuak estrukturalak baitira, ez produkzioaren igoera puntualari lotutakoak, eta beraien ordez lanpostu berean aritzeko pertsonak kontratatzen ari baitira. Hori dela eta, kaleratzeak eten egin behar dira eta enpresak langileok berronartu behar ditu. Horregatik, pertsona hauek animatzen ditugu beraien kaleratzeak salatzera, beraien lan harremana mugagabea delako eta ez ebentuala.

Beraz, badirudi Michelinek, iruzurrarekin amaitu beharrean, bere horretan sakontzen duela eta prekarietatea areagotzea erabaki duela, kontratazio berriei, soldataren diskriminazioaz gain, ziurgabetasun handiagoa eskainiz.

Honen aurrean, LABek kaleratzeak bertan behera uztea eta kaleratutako langileak berrartzea exijitzearekin batera, Michelinen kontratazio eredu berri bati ekitea proposatzen du honako oinarriak aintzat hartuz: irizpide objektiboak izatea, iruzurra ezabatzea, lanpostu estrukturaletan kontratazio mugagabea bultzatzea, Langileen Batzordeari kontratu ebentualen eta obrakoen bermeak eskaintzea eta kalitatezko enplegua bermatzea.

Aldi berean, Lan Ikuskaritzari dei egiten diogu esku hartzeko eta Michelinen iruzurrezko ekinbideari behingoz amaiera emateko, hamarnaka langile ebentual kalean utz baititzake. Horrekin batera, gai honetan gainontzeko erakundeek esku hartu behar lukete ere; hortaz, gogorarazi nahi dugu duela urtebete bat hain justu Arabako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman ziola Michelini, zeini eta kontratazioan iruzurra egiten duenari, ebentualak masiboki kaleratzen dituenari eta ordutik hona bere lantegian 3 langileren heriotza izan duenari. Beraz, erakunde berberek parte hartu behar dute iruzurrari bukaera emateko eta, enpresaren jokabideak babestu beharrean, langileak defendatu behar dituzte.

Azkenik, LABek mobilizazioak proposatuko ditu ebentualen kaleratze masiboaren kontra eta Michelinen enplegua duina eta kalitatezkoa izatearen defentsan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.