2024-05-29
HomeEkintza SindikalaSindikatuok mobilizatzen hasiko gara Nafarroako Optiken Merkataritzako hitzarmenean eros-ahalmena bermatu eta lanaldia...

Sindikatuok mobilizatzen hasiko gara Nafarroako Optiken Merkataritzako hitzarmenean eros-ahalmena bermatu eta lanaldia murritz dezaten

Nafarroako Optiken Merkataritzako hitzarmenari buruzko azken bileran, iragan maiatzaren 30ean egina, LAB, ELA eta UGT sindikatuok ultimatuma eman genion patronalari, hau da, mobilizazioei ekinen geniela abisatu genuen, baldin eta enpresek egungo proposamenari eutsiz gero. Bada, patronala mugitu ez denez, ortzegun honetan, ekainaren 22an, eguerdian, bi elkarretaratze eginen ditugu Iruñean, erreferentziazko bi optikaren aurrean.

12:30ean Optika Rouzaut-en aitzinean, Txapitela 21ean, eta 12:45ean Optika Alforjaren parean, Udaletxeko plazan. Horiek dira LAB, ELA eta UGT sindikatuok KPIri lotutako soldata igoerak bermatuko dituen eta lanaldia murriztuko duen hitzarmen duina eskatzeko eginen ditugun lehenengo bi mobilizazioak.

Optiken Merkataritzako lan hitzarmena negoziatzen duen mahaia hainbat aldiz elkartu ondoren, bertan parte hartzen ari garen hiru sindikatuok patronalari proposamen bateratu bat egin genion, jakinarazteko akordioa sinatzeko gure gutxieneko puntuak zein diren.

Soldatetan KPI bermatzea da gure helburua, gutxienez iraunaldian. Beraz, maiatzaren 9an egin ziguten proposamen ekonomikoari gehitu behar zaio soldata erregularizazio bat, 2021ean eta 2022an galdutako eros-ahalmena konpentsatzeko. Sindikatuok hitzarmena sinatzeko proposamena hau litzateke:

• 2022. urtea: %3,5

• 2023. urtea: %5

• 2024. urtea: 2023ko KPI

• 2025. urtea: 2024ko KPI

• 2026ko urtarrilaren 1ean soldata tauletan %3,2ko igoera aplikatuko litzateke (soldata igoeren eta 2021- 2025 bitarteko KPIen baturaren arteko aldea)

Bertze puntu garrantzitsu bat da lanaldiaren murrizketa; azken hamabortz urteetan ez da ordu bakar bat gutxitu. Orain zortzi orduko jaitsiera nahi dugu. Langile bakoitzak urtean jaiegun bat gehiago izateak enpresendako ez du zuzeneko kostu ekonomikorik eragiten, ez baitute ordezkapenik eginen.

Azkenik, soldatarik apalenak dituzten kategoriak (I. eta II. Taldeak) desagertzea proposatzen dugu; horrela sektoreko gutxieneko soldata hilean 1.400 euro gordinekoa izanen litzateke; larunbat arratsaldeko plusa hobetu behar da; eta hitzarmenaren aurreraeragin mugagabea ezarri.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekintza sindikal antirrazista faxismoaren eta eskuin muturraren aurka

Maiatzaren 24an eta 25ean, Etxeko eta Zaintzako Langileen Atal Sindikalak eta LAB sindikatuko Idazkaritza Antirrazistak "Arrazismoa eta eskuin muturra lan mundutik borrokatuz" jardunaldietan parte hartu genuen, Bartzelonan. UCFR Unión contra el fascismo y el racismo elkarteak eta Desparekotasunen Institutuak antolatu zituzten jardunaldiok.

Indarkeria matxista lantokietako prebentzio planetan sartzeko eskatu dugu

Lan Osasuneko ebaluazioetan arrisku bezala identifikatu eta landua izan dadin, Osalan zein NOPLOIra eramango dugu proposamena.

CCC: 85 urteetako bilakaera zaborretara eta, ondorioz, 50 langile kalera

Urrutiko formakuntza eskaintzen duen CCC Donostia enpresan haserrea agerikoa da. Duela hiru urte, 1939an Donostian sortu eta 85 urteetan zehar Gipuzkoan errotuta egon den gure enpresa Grupo Crescendo deituriko inbertsio-funtsak xurgatu zuen. Geroztik, Donostiako lan-zentroaren hustutzea bizi izan dugu, oinarrizko sailak (ikasleari arreta, informatika, kontabilitatea, marketing-a eta arlo komertziala) Madrilera eraman baitituzte: 2020an bertan lan-zentro bat ireki zuten; hori bai, Donostiako CCC-ko lan esperientzia baliatuz eta irabaziak lortuz, hemen gauzatzen genituen gestioei esker.