2026-03-20
HomeEkintza SindikalaAsuncioneko langileek borrokan jarraitzen dute hitzarmen duinaren eta ospitale berriaren bestelako eredu...

Asuncioneko langileek borrokan jarraitzen dute hitzarmen duinaren eta ospitale berriaren bestelako eredu baten alde

Asunción klinikako langileek 3 eguneko lanuzteak eta 7 greba egun egin dituzte orain arte maiatzean, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmena %12,2an galdu dute. Hitzarmen berriaren bidez lortu nahiko lukete, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak eta 35 orduko lan astea.

Asuncion klinikak Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen die, eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen du, eta langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte.

Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko benetako borondaterik, eta berriki sindikatu eta langileoi epaileak arrazoi eman digun bezala, neurrigabeko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egin ditu, greba zapuztu nahian.

Oraingo egoeran, langileak gero eta pobreagoak dira, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar. Izan ere, langileen eta herritarren urte askotako aldarrikapenei esker Tolosan eraikiko den ospitale berriaren Plan Funtzionala ezagutu berri dugu.

Plan funtzional honek ezartzen du eraikiko den ospitalea eta eskualdean emango den osasun zerbitzua nolakoa izango den, eta azterketa zorrotzago baten faltan, honakoa salatzen dugu:

  • Ospitale berriko langileen beharrak ezartzen dituzten taulan, agertzen diren kategoria ezberdinen artean, sukalde edo garbitasuneko langilerik ez da agertzen
  • Asuncion ospitalean 333 langile daude gaur lanean, eta ospitale berriak 320,5 langile behar dituela diote, dagoeneko OSIan dauden 56 langileri beste 264,5 gehituta. Ez da esaten zer gertatuko den Asuncionekin, ezta bertan dauden langileekin ere.
  • Gaur egun Asunción klinikan ematen diren zerbitzu guztiak emateko asmorik ez daukate, plan funtzionalak ingresoa izan dezaken edozein zirujia ezabatzen baitu, besteak beste. Ez da kirofanoetaz ezer esaten. Inguruko beste eskualdetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ere
    ez dira agertzen, obstetrizia eta larrialdi pediatrikoak adibidez.

LAB eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu ospitale berrirako aldarrikatzen ari garen hiru ezaugarrietatik bat bera ere ez duela betetzen, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari plana aldatu dezala eskatzen diogu. Horrez gain, igande honetako hauteskundeetatik eratorrita Tolosan eta eskualdean osatuko diren udal gobernuei ospitale berriak izan behar dituen ezaugarrien alde lan egiteko konpromisoa eskatzen diegu:
– %100ean publikoa izatea
– Zerbitzu guztiak dituena
– Gaur egun Asuncionen dauden langile guztiak bertan egotea

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...