2026-10-05
HomeIndustriaZeramikaZuzendaritza, Ingemarren balizko itxieraren errudun

Zuzendaritza, Ingemarren balizko itxieraren errudun

Usurbilgo enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu da, talde bereko beste bi lantegirekin batera. LABek eta ELAk Ingemar taldeko administratzaileari eta akziodunei leporatu die egoeraren ardura, azken hauei kapital gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako.

Hau da Usurbilgo Ingemar lantegiko enpresa batzordeak gaur kaleratu duen agiria:

INGEMAR-Usurbilgo lantegia hartzekodunen konkurtsoan sartu da, talde bereko beste bi lantegiekin batera (INGEMARGA, S.A. eta CORPORACION INGEMAR). Horren zergatia zera da: akziodunek kapital-gehikuntza onetsi zuten, baina azkenean ez da gauzatu. Hasieran milioi bat euroko kapital-gehikuntza egin behar zen, bideragarritasun-plana abiarazteko, eta gero beste hiru milioi euroko ekarpen bat plana gauzatzeko. Borondatezko konkurtso horretarako eskaria Lugon aurkeztu da, 26/2017 Ohiko Konkurtso Prozeduraren bidez, zeren INGEMARGA, S.A.ren egoitza Lugon dago, eta enpresa filial hori da pasiborik handiena duena.

Ingemar, S.A.ko langileen ustez, egoera horren errudunak dira, batetik, INGEMAR TALDEKO administratzaile bakarra, Jose Longarela, kudeaketa txarra egin duelako, eta ekarpena bermatu ez duelako; eta bestetik, akziodunak, kapital-gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako.

Bideragarritasun Planaren arabera, kapital-gehikuntza ezinbesteko baldintza zen, hala adostu baitzuten Taldeko Zuzendaritzak eta langileek, Usurbilgo Udalaren, euskal erakundeen eta bankuen laguntzaz (Sabadell eta Kutxabank).

2017ko urtarrilaren 16an, astelehena, lehen bilera egin zen konkurtso-administratzailearekin, eta Enpresa Batzordeak azaldu zion, lehenik eta behin langileen kezka geroaz, eta bigarren, konkurtsoa jardunean jarraitzeko modukoa izateko eskaria; hau da, ea taldeko Zuzendaritzak hitzarmen bat aurkezten duen, inbertsiogile bati sarbidea emateko, eta ea konpromisoa hartzen duen, lantegia jardunean iraunarazteko, azaroan Zuzendaritzarekin lorturiko akordioak betez.

Bestalde, Enpresa Batzordeak dei egiten die herri-erakundeei (Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Usurbilgo Udalari), orain arte jokatu duten bezala jokatzen jarraitzeko, eta hortaz inbertsiogile bat erakartzen laguntzeko, INGEMAR, S.A. lantegiaren bideragarritasuna ziurtatze aldera; hala jaso baitzen Taldeko Zuzendaritzaren eta langile-ordezkarien arteko akordioan. Horren menpean daude 51 langileren lana eta 26 langileren aurre-erretiroak.

INGEMAR, S.A. TALDEAk Usurbilgo lantegian du egoitza soziala, baita Usurbilen ekoitzi ere hainbat urtetatik hona balio erantsi handieneko produktua. Lantegi hori errentagarria da argi eta garbi, falta den gauza bakarra horretan sinestea da, eta abiarazteko adinako kapitala ekartzea. 75 familiaren geroa horren menpean dago, eta langileok azken mugaraino eramango dugu gure borroka helburu hori lortu arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...