2026-10-29
HomeEkintza SindikalaOstalaritzako akordio markoa sinatu dugu Estatutik datozen erasoetatik babesteko

Ostalaritzako akordio markoa sinatu dugu Estatutik datozen erasoetatik babesteko

LABek eta ELAk beharrezko jotzen dute negoziazio kolektiboaren blokeoari aurre egin behar zaiola, baita Kolektibitateetarako lan-hitzarmen bat lortzea ere. Gaur bildu den Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazio mahaiean egiturari buruzko akordio bat iritsi da, zeinak aplikazio-lehentasuna ematen dien bere eremuan sartzen diren hitzarmen sektorialei (hiru probintzietako ostalaritzako hitzarmenak eta Gipuzkoako ostatu- etxeetakoa), estatu mailako akordioen aldean.

Behin akordio hau burututa, estatuko sektore-eremutik ezin izango dute negoziazio kolektiboa galarazi dagoeneko badiren negoziazio-eremuetan, ezta etorkizunean EAE mailan erabaki litezkeenetan ere.

LABen eta ELAren iritziz, akordio honek babestu egiten ditu, batetik, EAEko ostalaritzako hitzarmenak estatutik patronalak (Confebask honen kide delarik), UGTk eta CCOOk egiten dituzten eraso eta injerentzietatik; bestetik, negoziazio kolektiboko euskal marko bat egituratzen du ere.

Akordio hau iritsi arren, LABek eta ELAk badakigu negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela, eta, horrenbestez, uste dugu beharrezkoak direla blokeoa gainditzeko ekinbideak: Araba eta Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenen negoziazioari heldu behar zaio berriz, Gipuzkoako ostatu-etxeetako negoziazioari ekin eta akordioak lortu, sektore horietan lan baldintzak okertzen dituen egoerari konponbidea emateko. Horretarako, dei egiten diegu lurralde horietako patronalei negoziaziora itzul daitezen akordioak iristeko borondatez, hartara lantokietan pairatzen den prekaritatea bideratzeko.

LABek eta ELAk hitz ematen dute borrokatuko direla lan-hitzarmen horiek berreskuratzeko, beti ere eduki nahikoa izango dutelarik sektore horietako langileek pairatzen duten egoera kaskarrari aurre egiteko.

Sukaldaritza edo kolektibitateen sektoreari dagokionez, akordio honen aplikazio-eremuan sartzen delarik, erabaki da probintzia bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatuko dela, horrela Madrildik inposatu den estatu mailako Sukaldaritza Hitzarmenaren inposizioari aurre eginez.

LABek eta ELAk uste dugu sukaldaritzako azpisektorearen ezaugarri bereziek berariazko lan hitzarmen bat eskatzen dutela, hura arautze aldera. Beraz, elkarrekin urratsak egingo ditugu negoziazio-mahai bat eratu arte, azpisektore honetako lan baldintzak arautzeko hitzarmen bat gauzatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

UGTk, CCOOk, eta UGTk Sidenorren egindako akordioa baztertzen dugu

Publiko egindako akordioak ez du KPI ere bermatzen. Dirudienez, bilera batek zenbat eta gehiago iraun, orduan eta hobea da akordioa. Agian, presaka negoziatu beharrean, egungo...

EAJri eskatzen diogu ez dezala berriro ere Madrilen maizterren aurka bozkatu

Alokairu mugagabeen aurka bozkatzea milaka maizterren egonkortasun eta eskubideen aurka lerratzea dela gogorarazi nahi dio LABek EAJri, errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaion eskatzearekin batera.

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.