2026-10-01
HomeLAB SindikatuaIRAULTZEN ALDIZKARIA“Burujabetza prozesua abian jartzeko garaia da, gure herrira sistema sozioekonomiko berri bat...

“Burujabetza prozesua abian jartzeko garaia da, gure herrira sistema sozioekonomiko berri bat ekartzeko”

Ainhoa Etxaide
LABeko Idazkari
Nagusia


“Burujabetza prozesua abian jartzeko garaia da, gure herrira sistema sozioekonomiko berri bat ekartzeko”



LABek bere 9. Biltzar Nagusia egingo du 2017. urteko maiatzaren 25 eta 26an, Gasteizen, ‘LAB 4.0 Gure Garaia’ leloarekin. Osasun betean eta indartsu iritsiko da sindikatua hitzordu garrantzitsu horretara, Euskal Herriak behar duen sindikalismo eredua birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin eta gero. Biltzar Nagusiak aldaketak ekarriko ditu idazkaritza nagusiari begira ere; Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute. Hala, Ainhoa Etxaiderekin egon gara solasean, urte hauetan guztietan egindako lanaren balantzea egiteko eta sindikatuaren erronkei buruz hitz egiteko.

2008. urteko ekaineko Biltzar Nagusian hartu zenuen Rafa Diezen lekukoa, idazkari nagusi gisa. Nola gogoratzen dituzu hastapen horiek?
2008. urtean esan genuen borrokari jarraipena emateko hartzen genuela lekukoa. Belaunaldi berriaren eginkizun nagusia sindikatua berritzea zen, eta hori zen asmoa. Baina, berehala agertu ziren gure ibilbidean eragin zuzena izan duten egoerak. Finantza krisiak kolokan jarri zuen sistema osoa, eta langileen eskubideen aurkako erasoek agerian utzi zuten sindikalismoaren krisiaren sakonera. Bi krisiak baliatuz, erreforma kate luze bat inposatu zaigu.

Era berean, Euskal Herria beste egoera politiko batean murgildu zen; ezker abertzalearen estrategia aldaketa, barne. Euskal Herriaren aldetik urratsak eman ziren, ukazioaren eta gatazka armatuaren garaia atzean uzteko; estatuen aldetik, ordea, guztiz kontrakoa. Garai berri bat ireki zen ezker abertzalean eta espazio soberanistan. Hau guztiagatik, aurreikusitakoa baztertu eta gure agenda aldatu behar izan genuen. Kapitalaren boterea handitzeko eta sistema betikotzeko erreformen kontrako borrokan jarri genituen indarrak. Erabakia guztiz egokia izan zen, urteetako ikuspegiak hala erakutsi baitigu.

Egoera berriaren aurrean, zein erabaki hartu zenituzten?

Batetik, LABek bere bidea egin behar zuela erabaki genuen, aldaketa bortitz eta sakon hauen guztien erdian ez galtzeko. Bestetik, iparra non jarri erabaki genuen. Ur handietan onik ateratzeko noraeza da etsairik handiena, kontrola galduz gero, itsasoak berehala irensten zaituelako. Hasieratik erabaki genuen zer zen guk babestu eta zaindu behar genuena.

Zer babestu eta zer zaindu gogoeta horretan, zein lehentasun ezarri zenituzten?
Langileria babestu dugu: klase interesak, langileen eskubideak, langileek erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea. LABek inoiz baino gehiago jarri du indarra klase interesen defentsan, krisia baliatu dutelako kapitalaren boterea inolako mugarik eta neurririk gabe handitzeko. Langile borroka ere zaindu dugu. Inposatu diguten eredua ez da jasangarria. Alternatibak daude, bideragarriak dira eta egoera aldatzea posible da, borrokari eutsiz gero. Horrela ulertu behar dugu langile borroka indargabetzeko duten premia eta egin duten guztia. LAB langile borroka suspertzeko ahaleginetan aritu da buru belarri, sindikatu garen neurrian, guri dagokigulako egitea.

Era berean, euskal sindikalismoaren defentsa lehentasun bat izan da guretzat, behar beharrezkoak direlako aldaketa politiko eta sozialak ekarri behar dituen prozesuarentzat. Borrokarako gaitasuna duen sindikalismo soziopolitikoaren kontrako erasoa etengabea eta neurririk gabekoa izan da. Kapitalismoak langileen eskubideak bazterrean utzi nahi baditu, horren alde borrokatzen dugun sindikatuak atzean utzi behar ditu. Erasoa erabatekoa izan da, langileen bitartekari zilegiak garelako eta langileak antolatzeko gune garelako, modu kolektiboan borrokatzeko tresna garen neurrian.

Bidea zaila, baina, aldi berean, emankorra izan da.
Gure bidea Euskal Herrian kokatu eta Euskal Herria eraikitzeko helburuarekin egin dugu. Egia da krisia sistemikoa eta mundu mailakoa dela, eta nortasunik gabeko ibilbidea egingo dugula langileen nazioarteko elkartasuna bazterrean utziz gero. Gure bideari ahal dugun nazioarteko dimentsioa eman behar diogu, baina gure estrategia Euskal Herriari begira eta Euskal Herrirako finkatu behar dugu, eta horrela egin dugu.

Nazionalaren eta so•z•i•alaren arteko dikotomia faltsua da. Ezker abertzalea biak ezkontzen dituen mugimendu bat da, eta LAB da horren adierazle nagusia. Langileok behar ditugun irtenbideek Euskal Herri berri bat eraikitzea eskatzen dute. Gure bideak Euskal Herria berreraikitzeko balio behar du, edo ibilbiderik gabe geratuko gara.

Zer paper jokatu du sindikalismoak borroka honetan guztian?
Sindikalismoaren defentsa sistemari egin beharreko borroka politiko gisa ulertu dugu. Ez dugu dena mugatu langileen artean egin behar den lehia korporatibo batera. Gure ekintza sindikala langileekin eta langile borroka indartzeko helburuarekin egin dugu.

Egin beharreko bide propioa gure estrategiari begiratuz zehaztu dugu, ez kanpotik egin zaizkigun interpelazioen arabera. Ez dugu LAB isolatu, ez diogu beldurrik izan eztabaida politikoan eta espazio partekatuetan egoteari, eta ez gara gure jokaleku historikotik irten. Mugimendu baten parte garela egin dugu bidea, proiektu partekatu bat defendatuz. Hori guztia ondo egiteko, gure autonomia sindikala babestu eta indartu dugu, klase interesak, langile borroka eta sindikalismoa lehenesteko.

Testuingurua testuinguru, sindikatua berritzeko erronkari ere heldu diozute. Nola iritsiko da LAB datorren urteko Biltzar Nagusira?
Egia da hasierako asmoak tiradera batean sartu behar izan genituela, baina egia da ere biltzarreko agindua, LAB eraberritzea, izan dela gure bidea egiteko erabilitako ipar orratza, urte hauetan guztietan. LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu egoera soziolaborala guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda.

Zeintzuk dira Biltzar Nagusian eztabaidatuko duzuten proposamenaren gakoak? 
Langileria, sindikalismoa eta Euskal Herria oinarri duen proposamena egingo dugu. Berritu behar duguna sindikalismoa ulertzeko eta egiteko modua da. Funtsean, gu berdinak gara, gure helburuak jatorrian genituenak dira.

Langileek bizitza duin eta on bat edukitzeko dugun eskubidea defendatzea izango da LABen borroka. Kapitalismoan ez dago ongi bizitzeko aukerarik; zer esan emakumea bazara. Ez dira bateragarriak, ez gara bateragarriak. Bizitza on bat eduki nahi badugu, sistemaz aldatu behar dugu. Bizitza jarri behar dugu sistemaren erdigunean, eta bizitza on bat edukitzeak bihurtu behar du sistemaren helburua eta arrazoia. Hortaz, garai berri honetan, gure lehentasuna prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea izango da; langile guztien bizi baldintzak hobetzea, alegia, izan emakume ala gizon, bertakoa ala etorritakoa, lanean egon ala ez. Lana bere osotasunean ulertu eta defendatzen duen sindikalismoa bultzatu nahi dugu, enplegura mugatu gabe. Lan merkatutik kanpo lan asko egiten da, funtseko lanak gure bizitzan, eta ez dira aitortzen, ezta baloratzen ere. Emakumeak dira gehienak. Lan horiek aitortu eta baloratuz gero, lan horiek enplegu eta eskubide iturri bihurtuko bagenituzke. Zaintzaren, langabeziaren, bazterketa sozialaren eta emakumeen egoera irauliko genuke.

LABentzat, sozialismoa da bizitza on bat edukitzeko eredua. Zeintzuk izango lirateke ardatzak? 
Euskal Herri Sozialista berritzeko feminismoa-ri, ekosozialismoari eta independentismoari begiratzen diogu guk. Hor aurkituko ditugu erantzunak.

Feminismoa ideologia transformatzailea da. Egoera iraultzea feminismoaren berezko ezaugarria da, eta bakarrik horrela ziurtatuko dugu eraikitzen dugun sistema guzti-guztientzat izatea, gizon zein emakumeentzat. Ekosozialismoa beste ardatzetako bat da, alternatiba berriak proposatzeko tresna oso emankorra dela uste dugulako. Ezin dugu bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu.

Azkenik, independentismoari dagokionez, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa ikusten dugu libreak eta burujabeak izatea. Herri, klase eta emakume bezala egiten dugu gogoeta hau. Beharrezkoa da Estatu burujabe bat izatea; alegia, herriaren esku egotea sistemaren gaineko boterea, herria askea izatea bere erabakiak hartzeko orduan. Aldarria zaharra da; borrokarako testuingurua, ordea, aldatu zaigu. Euskal Herriko mugimendu independentistak erantzun berriak eskaini behar dizkigu independentziaren bidea egin nahi dugunontzat.

Uste dugu hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen bidea nagusitzeko Euskal Herrian. Burujabetza prozesua abian jartzeko garaia da, Euskal Herrira sistema sozioekonomiko berri bat ekartzeko erronkarekin. Hau izango da LABek datozen bost urteei begira bere buruari jarriko dion helburua. Egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko marko estatutarioen aldaketa borrokatzera.

Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du, estatus politiko berriak iruzurra ez izateko langileentzat. Estatus berriak egoera soziala aldatzeko bitartekoak ziurtatu behar dizkigu langileoi.

Zein tresna ditugu burujabetza prozesua abian jartzeko?
Gehiengo zabal bat badago halako bide bat egiteko, eta gure eremuan baditugu prozesua abian jartzeko eta burujabetza prozesua burura eramateko balio estrategikoa duten tresnak: Karta Soziala eta gehiengoa osatzen dugun sindikatu abertzaleak, kasu. Aliantzak eta akordioak falta dira. Burujabetza prozesua abian jartzeko derrigorrezkoa da guztion artean adostasunak eraikitzea. Eremuz eremu lehenik, eremuen artean ondoren.

Akordioak aipatuta, zer diozu sindikatuen arteko aliantzei buruz? 
Langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Helburu, asmo eta lehentasun hauek eztabaidaren erdian kokatzen dute LAB eta ELAren arteko aliantzaren gogoeta. Ziur gaurde aliantza hori ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela Biltzar Nagusiari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian.

Zuzendaritza berri bat proposatu duzue garai berrirako: Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa lekukoa hartzeko prest daude. Zer esan dezakezu haiei buruz?
Ez dute aurkezpenik behar. Ezagunak dira gainontzeko sindikatuetan, baita komunikabide, patronal eta instituzioetan ere. Talde berria izango da, baina pertsonak ez dira berriak izango. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute. Ziur gaude sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela.

Idazkaritza Nagusia uzteko atarian, zein egoeratan dago LAB?
Emaitzak hor daude. Ordezkaritzan eta afiliazioan marka historikoetan gaude; inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan antolatua; sektore publikoko eremu askotan LAB lehen indarrra da, bai Euskal Autonomi Erkidegoan, baita Nafarroan ere.

Barruko egoera nabarmendu nahi dugu bereziki. LAB sindikatu batu eta kohesionatu bat dugu. LAB garai berri batera ekarri dugu. Baztertu egin genuen LAB berri bat gure kabuz eta gure kasa marraztea. Berritzea bide oso bat izan da, eta bidea ez dugu zuzendaritzan egin, ez dugu zuzendaritzatik egin. Bideak sindikatuak egin du, LAB osatzen dugun kideok egin dugu.

Zorionez, egindako lana talde lana izan delako, badugu nori pasa lekukoa. Gure mandatua bete dugula ikustea urteetako ibilbideari eman ahal diogun bukaerarik hoberena da guretzat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...