2026-09-28
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaLABek abian jarri du Osakidetzan iruzurrezko kontratazioa salatzeko kanpaina

LABek abian jarri du Osakidetzan iruzurrezko kontratazioa salatzeko kanpaina

LABek kanpaina berria jarri du martxan Osakidetzan, kasu honetan, ente publikoan modu orokorrean ematen den iruzurrezko kontratazio salatzeko asmoz. Osakidetzan kontratazio bolumena izugarria da, batez ere kontuan hartzen badugu behin-behinekotasun tasa erraldoia. Langile guztien herena baino gehiago behin-behienekoa da.

Bertako kontratazio politika bi hitzekin definituko genuke: irregulartasuna eta gardentasun eza.

Honako egoera guztiz onartezina da administrazio publikoan lan egiteko berdintasun, meritu eta ahalmen printzipioak bertan behera gelditzen direlako etengabe, egunero.

Kontratazioaren inguruan egiten diren irregulartasunak asko dira. Horregatik, kanpaina honek hiru fase izango ditu: lehenengo fase honetan jefaturen azpijokoen gainen ipiniko dugu lupa; urtarriletik aurrera kontratu moten erabilera maltzurra –berriki jaso dugun Europako ebazpenak jasotzen duena- salatuko dugu; eta azkenik, LAB sindikatuak kontratazio zuzena eta gardena egiteko daukan proposamena.

Kontratazioa iruzurra dela diogu, irregulartasunak modu orokorrean gertatzen direlako, egunero, modu masiboan. Ez dira hanka sartze puntualak edo akats sinpleak. Kontua haratago doa eta, beste batzuen artean, hauek dira kontratazioaren ajeak: Kontratazio Dekretu inposatua eta berdintasun printzipioa urratzen duena; kontratazio zerrenda espezifikoak; kontratazio zerrenda irregularrak; zerrendetan saltoak; zerrendarik ez erabiltzea; hizkuntza eskakizunak modu sistematikoan ez errespetatzea; gardentasun falta; kontrolerako mekanismorik ez…

Egoera honi begira jarriko dugu fokoa, eta arduradunak seinalatu ere: bide irregularrak irekitzen dituzten araudiak ezartzen dutenak; ez ikusiarena egiten duten Pertsonal Zuzendaritzak; euren gustuko langileak kontratatzeko eskatzen dituzten gainbegirale edota JUAPak; beren kabuz edo presiopean zerrendetan saltoak egiten dituzten pertsonal saileko langileak,…. zerrenda luzea da, zoritxarrez.

Kanpaina honekin lortu nahi ditugun helburuak hiru dira: Osakidetzan egiten den kontratazioaren desastrea ezagutarazi, lan baldintzak gehien prekarizatzen dituen faktorea delarik, alegia; langileok iruzurrezko kontratazioa salatzera animatzea; eta, azkenik, kalitatezko kontratazioa egiteko gure proposamena mahai gainean ipintzea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.