2026-11-04
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaUrriak 17, Pobreziaren Kontrako Eguna

Urriak 17, Pobreziaren Kontrako Eguna


LABek premiazko neurriak eskatzen ditu pobreziarekin amaitzeko, izurrite sozial honek bereziki gazteengan, langile klasean, adinekoengan eta nagusiki emakumeekiko duen eragina aintzat hartuta. 

Zenbatekoak izugarriak dira: pasa den urte amaieran Hego Euskal Herrian 468.000 pertsonatik gora zeuden pobreziaren edota bazterketa sozialaren arriskuan. Nafarroan biztanleen %13 zegoen egoera horretan eta EAEn biztanleen %17,6 koa da pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden biztanleen kopurua. Langabezian dauden pertsonen %57tik gora inolako prestazio edo diru-laguntzari gabe daude, eta zoritxarrez, kopurua etengabe handitzen ari da.

Diskurtso ofizialak, egungo admnistrazioen eskutik, begi-bistako egitate bat baztertzen du: gizarte bazterketaren iraupen estrukturala. Bestela esanda, gizarte-bazterkeria desagerrarazteko politiken porrota. Pobrezia eta bazterkeria sorrarazten eta berregiten duten elementuei buruzko planteamendu autokritikorik ez dute egiten. Aberastasunaren pilaketaren egungo sistemari eusten dioten zutabeak eraisteko ekintza kontsekuente bat beharko litzateke, baina ez daude prest horrek eskatzen duen ardurari eusteko.

Sistema kapitalistak berekin dakartza txirotasuna eta enpleguaren ezegonkortasuna. Kapitalismoak erabaki du fase historiko honetan eskubide sozialak eta lan eskubideak kitatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea eta esplotaziorako bide ezberdinetan sakontzea. Hori guztia ikusirik, bestelako erabaki politikoak hartu behar dira, herriaren gehiengoaren interes eta nahiaren araberako erabakiak.

Egungo errealitate insituzionalak eta horrek ezartzen digun esparru juridikoak oso zail egiten du ezegonkortasun masiboko egoera eta dauzkan ondorio mingarriak gainditzea. Herri eta klase bezala beharrezkoa dugu euskal esparru sozioekonomikoa lortzeko pausoak ematea, erabakiak hartzeko, lan-harremanen marko propio baten bidean eta gizarte-babeserako sistema bat izan dezagun. Euskal Herriko herritar guztiei bizimodu duin, autonomo eta kalitatezko bat bermatzeko bitartekoak behar ditugu.

Horregatik guztiagatik LABek dei egiten du datorren astean, hilaren 17an, egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Deialdien artean nabarmentzekoa, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo dena. Goizeko 10.30etan bertan ikusiko dugu elkar.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.