2026-10-03
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakETBko gestoreen sistema eta kontratazio politika hankaz gora jarri ditu EAEko Auzitegi...

ETBko gestoreen sistema eta kontratazio politika hankaz gora jarri ditu EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziak

EAEko Auzitegi Nagusiak ETBko kontratazio sistemaren aurkako beste sententzia bat kaleratu du, LABek jarritako salaketari arrazoia emanez. Oraingoan erredakzioan egin diren hiru arlo-bururen kontratazioak legez kanpokotzat jo ditu, eta ondorio potoloak dakartza honek:

1. Arlo-burutzak ez direla inondik ere zuzendaritza postuak, baizik eta lan kontratudun erredaktoreen bidez bete behar dira. LABen iritziz ETBko sail guztietara hedatu behar da epaileen erabakia.

2. Erredakzioan arloko burutzak izendatzeko garaian era gardenean egin behar dira, etxeko erredaktoreen lan kontratuaren bitartez. Sententziak dioen bezala, etxe barruan horretarako nahiko mekanismo badago. Izatez Nazioartea eta Politika sailak langile finkoekin bete ahal izan dira, eta Ekonomia, Kultura eta Gizarteko arloak eramateko, kanpotik kontratatu du Zuzendaritzak, lan poltsa sikiera ere erabili gabe.

3. Sententziak Andoni Ortuzarrek, Juan Diegok eta koadrilak EITBn eraiki zuen gestore sistema ilunari beste jipoi bat ematen dio. Sistema txapuzero horren arabera komunikabide publiko bat euren enpresa pribatua balitz bezala egituratu nahi izan zuten, EITB Talde osoa arriskuan jarriz, Irratiko merkantilen eta M4F-VILAU-EXPRESIVE… sarearen kasuekin antzeman zen bezala.

LABek beti borrokatu du, bakardadean, kontratazio sistema hau, bere eskura dituen bide guztiak erabiltzen: salaketa publikoak, sareen bitartez, mobilizazioak, negoziazio kolektiboan, instituzionalak… eta halaxe jarraituko dugu. Zuzendaritza kontran, deialdi publikoei heltzeko garaian “segurtasun juridikoaren” aitzakiari heldu ohi dio, baina deialdi publikorik gabe, atzamarrez kontratu finkoak egiterakoan ez zaio halako kezkarik agertzen. EITB osoan 45 langiletik gora dago deialdi publikorik gainditu gabe, kontratu mugagabea daukatenak.

Negoziazio kolektiboa hasi aurretik ere ezinbesteko premisa dugu: egiturako langileria zehaztu egin behar da, baina lehenengo eta behin hain zuzen ere kontratu mugagabe ez finko hauen guztien (eta finkoena noski) auzia konpondu egin behar da: lan hitzarmenean jasota ditugun bete beharreko postuak betetzea (erretiro edo heriotzagatik hutsik gelditutakoak); kontratu mugagabe ez finko guztien balizko estrukturaltasuna adostu, eta plaza horiek deialdi publikoaren bidez bete. Estrukturaltasuna negoziatu beharko zen multzo honetan sartzen dira Zuzendaritzak atzamarrez izendatutako kontratu finkoak.

Berriro ere Javier Salcedo pertsonal saileko arduradunaren kargu uztea exijitzen dugu, bera baita hasiera-hasieratik kontratazio sistema ustelari eusten ari zaiona.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...