2026-02-01
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakSalba dezagun ETB, baina guztion artean

Salba dezagun ETB, baina guztion artean


Bat gatoz Eneko Olasagastik Argian idatzitako artikuluarekin; bat gatoz ETB salbatu behar dugula dioenean, bat gatoz gaur egungo egoera onartezina dela esaten duenean. Baina, gure ustez, ez du fokua behar den tokira bideratu. ETBri buruz idazten du, baina, datuak ematerakoan taldeko enpresa guztiak sartzen ditu zaku berean. ETBn, zoritxarrez, ez gaude 1.000 langile inguru, 700ren bueltan baizik. Zoritxarrez diogu, beste hainbat langile azpikontratetan ari direlako telebistarako lanean, lan baldintza txarretan kasu batzuetan eta negargarrietan beste askotan.

Egia da, azpikontratetako lan baldintzak ETBko langileei ere inposatuz, diru gehiago izango genukeela programak ekoizteko, baina, gure ustez puntu honetan okertu egin da. Helburua ezin da izan ETBrentzat lan egiten duten langile guztien lan baldintzak okertzea, prekaritatean murgiltzea, edota bere lagun neoliberal horrek nahiko lituzkeen kaleratzeak. Kontrakoa da lortu beharrekoa, soldata eta lan baldintza duinetan oinarritutako kontratuak izatea ETBrentzat lan egiten duten azpikontratetako langileek. Ez gaitezen demagogian erori, edo bai. Zenbat azpikontratetako ugazaba ez dira aberastu ETBren kontura? Horietariko zenbatek lortu dute ETBrentzat lan egitea zentimo bakar bat arriskatu gabe? ETBtik jasotako dirutik zenbat izan da langileei ordaintzeko? Baina, hobe demagogian murgiltzen ez bagara.

Bilboko egoitzari buruz esandakoarekin erabat ados gaude; hain zuzen ere, ETBko sindikatuek salatu genuen etengabe egoitza aldaketa eta Bilbokoa ez zela ideia ona errepikatu genuen behin eta berriro. Erantzule bakarra du egoitza aldaketak, eta aproposena, Sabin Etxean galdetzea dela deritzogu.

Bidaia aprobetxatuz, bere mintzakideari beste galdera bat ere egitea proposatzen diogu Olasagastiri: enpresa arrunt baten barne estruktura zergatik irauli zuten, etxe barruan «gestore sistema» deitzen duguna ezarriz eta oraindik mantenduz, inongo kontrolik gabe kontratatu ahal izateko gustuko arduradunak. Honi buruz, datu xume bat: ETBn, 10 langileko arduradun bat dugu, ederto zaindutako artaldea gero!

Amaitzeko, Olasagastiri erantzunez, helburua ezin da izan ETBren tarta zatia nola banatzen den, beste hainbat proiektu informatibo eta kulturalei diru gehiago emateko, tarta bera handitzea izan behar da erronka, eta bide hori elkarrekin jorratzeko gonbita egiten diogu Olasagastiri. Izan ere dirua egon badago. Eusko Jaurlaritzak azken urteetan kulturari eta EITBri koxka handia kendu badie aurrekontuetan, AHTri eta bankuen zorra ordaintzeko ahalegina askoz ere handiagoa, ikaragarria, egiten ari baita. ETB salbatzeko oztopoa ez gara hain zuzen ere langileok.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...