2026-11-04
HomeEkintza SozialaEuropako migrazio-politikak aldatzearen alde egiten dugu

Europako migrazio-politikak aldatzearen alde egiten dugu


Gaur, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Data hau aitzaki hartuta LABek gerra inperialista eta euren ondorioak arbuiatu nahi ditu. Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat eskatuz. Honen aurrean LABk uste du Europako migrazio-politikak aldatzearen beharra geroz eta premiazkoagoa dela. Lan ditzagun beraz Herrien eta Pertsonen arteko elkartasuna, eskuzabaltasuna.

Gerra inperialistei ez! Gure arbuiorik sakonena gerra inperialista eta euren ondorioei. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen jakin daitezen. Lotsak, delituak eta negozioak milaka heriotzaren kontura, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke eta ez da interesatzen. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da. Nahikoa da armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza enpresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioek zehatz dezaten bizi egingo garen ala hil, eta nola egin behar dugun.

Europako migrazio-politikak aldatzearen beharra. Milaka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, natural edo gatazka belikoen ondorioz. Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat eskatuz. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Edo eta, lotsatzen gaituzten akordio lotsagabeak, Turkiarekin egindakoa akordioa kasu. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, gizon, emakume eta umeak. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, eta badaki, eta badakigu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsa arazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete. Beharrezkoa da bestelako neurri batzuk hartzea, orain. Herrien eta Pertsonen Europa Sozialaren aldeko apustua.

Arrazakeria eta xenofobiari mugak jarri behar zaizkie eta landu behar dira. Bien bitartean, gorrotoa, arrazakeria, xenofobia eta islamofobia gora doaz. Beldurra eta segurtasunaren izenean jendearengan eragina duten diskurtsoak egiten dira, ulertzen diren diskurtsoak, gezurrez betetako diskurtsoak. Gogora dezagun Maroto jauna eta “bere” Herri Ekimen Legegilea, migrariek prestazio sozialak agortzen dituztela ekarpenik egin barik. Immigrazioaren Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, atzerriko etorkinek administrazio publikoari jasotzen dutena baino ekarpen handiagoa egiten diote EAEn. Migrariak ez dira mehatxua. Politika austerizidak, segurtasuna eta beldurraren izenean egindako politikak eta interes inperialisten arabera egindako politikak dira gure benetako etsaiak. Ez gaitezen euren tranpan eror. Lan ditzagun Herrien eta Pertsonen arteko elkartasuna, eskuzabaltasuna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.