2026-06-18
HomeEkintza SindikalaJarraipen zabala Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek homologazioaren defentsan egindako lehen greba egunean

Jarraipen zabala Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek homologazioaren defentsan egindako lehen greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako lehena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Araban, Gasteizen mobilizatu dira, Unibertsitate Ospitaleko kanpo kontsultetan. Gipuzkoan, Donostia ospitalean. Eta Bizkaian, Barakaldon, eta martxa bat egin dute San Eloy ospitaletik Gurutzetakora. Bihar ere, abenduaren 15ean, greba egingo dute eta martxa bat egingo dute, 11:00etan abiatuta, Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.
Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.
Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.
Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.
Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.
Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.
Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.
Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.