2026-09-18
HomeEkintza SindikalaEuskal Enplegu Publikoaren Lege hau langileona ez dela adierazteko elkarretaratzea egin du...

Euskal Enplegu Publikoaren Lege hau langileona ez dela adierazteko elkarretaratzea egin du LABek Gasteizko parlamentuaren aurrean

EAJk eta PSE 2008tik saiatzen ari dira estatuko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) delakoa erkidego autonomikoan garatzen duen Euskal Enplegu Publikoaren Legea aurrera ateratzen. Lau legegintzaldi behar izan dituzte, eta azkenean arrabola erabiliz lortu dute. LABek salatzen du bide hau guztia langileon ekarpenei erabat bizkar emanda egin dutela, ez baitute sindikatuon ekarpen bat ere kontuan izan.

Jaurlaritzak sindikatuok oztopo bezala eta igaro beharreko tramite huts bezala hartu gaitu beti. Hau jakinda ere, LABek aukera bat eman nahi izan zion negoziazioari. Lege egitasmoa oso motz gelditzen zela eta, zerbitzu publikoak babesteko eta garatzeko 200 proposamen egin genituen. Besteak beste: 

  • Egindako murrizketak leheneratzeko neurriak.
  • Jasanezina den behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak, Madrilgo dekretu txapuzeroa saihesteko, Euskal Herriaren beharretara egokituta.
  • Zerbitzu publikoak indartzeko, beharrezkoak diren enpleguak sortzeko neurriak. 
  • Pribatizazioak ekiditeko eta zerbitzuak publifikatzeko neurriak, besteak beste, zaintza lanak.
  • Administrazio publikoak enpresa pribatu moduan kudeatuak izan ez daitezen neurriak. Izan ere proiektu honek lanbide karrera eta ebaluazio sistema arbitrarioak, eta zuzendaritza sistema alderdikoia sustatzen ditu.
  • Administrazio publiko euskaldun eta feministak izateko neurriak, berdintasun plan eta indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorrekin.
  • Estatuaren oinarrizko legediaren garapen hutsa izan ez dadin, lege burujabea izateko neurriak. 

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak ez zituen LABen proposamenak aintzat hartu, eta legegintzaldi honetan batere negoziaziorik eta komunikaziorik gabe, gaur parlamentuan bozkatu eta onartuko zela medioen bidez jakin genuen duela aste pare bat.

Zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko estrategian alderdi horientzat sindikatuak oztopo garela argi utzi dute. Azken egunotan ezagutu dugun berrikuntza bakarra hainbat kasutarako naziotasunaren irizpidea baztertzeko aukera jasotzen dena da. Honek, jendartearen hainbat sektorek egindako ekarpenari onarpena eta konponbidea eman baino, langileen instrumentalizazioa are ageriagoan uzten du, eta erabat xenofoboa da. Legearen kutsu neoliberalaren adierazgarria  ere bada PP-C’s taldeak bere abstentzioa eskaini izana ekarpen hau jaso zela iragarri zen egun berean.

LABentzat, gure proposamenak ez jasotzeaz gain, nagusiki arrazoi hauengatik ere bada lege hau onartezina:

  • Negoziazio kolektiboa ukatzen du eta inposizio eredua betikotu.
  • Zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak parez-pare irekitzen dizkio.
  • Egindako murrizketak betikotzen ditu.
  • Administrazio publikoen kudeaketa merkantilista eta alderdikoia ahalbidetzen du. 
  • Enpleguari dagokionez, estatuko legediaren menpe jarraitzen du, anbiziorik gabe. 
  • Langileen egonkortasunerako bermerik ez du jasotzen. 

Zerbitzu publikoak oinarrizko eskubideen bermea dira, eta hauek babesteko geure lege propio bat behar dugu, ez kanpoko legeen garapen hutsa den hau bezalakoa. Eusko Jaurlaritzak, gehiengoa edukita, eskuin espainiarraren oniritziarekin proiektu neoliberal eta menpeko hau ere langileoi inposatuko digu. LABek aldiz, Euskal Herriko langile klaseari begira jarraituko du, eredu autoritario honi aurre egiteko dinamika mobilizatzaileak bultzatuz. Gaur ere parlamentuaren aurrean mobilizazioa egin dugu, eta lege honek eragingo dituen kalteei ere modu berean egingo diegu aurre. Jaurlaritza honek ez du langileon iritzia kontuan hartzeko inolako asmorik, eta jokabide hori aldarazteko mobilizazioa da bidea. Lege hau ere ez da langileona!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa deitu dute irailaren 24an eta adierazi dute beren etxeak defendatzeko prest daudela

Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki...

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.