2026-10-02
HomeEkintza SindikalaMahai sektorialean negoziazioa blokeatuta dagoenez, Osakidetzari bilera baterako deia egin diogu Lan...

Mahai sektorialean negoziazioa blokeatuta dagoenez, Osakidetzari bilera baterako deia egin diogu Lan Harremanen Kontseiluan

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Osasun Mahai Sektorialeko blokeoaren kapitulu berri baten aurrean gaude. Osakidetzak berriro erakutsi du bere jarrera inposatzailea eta negoziatzeko borondate falta; egoera hori behin eta berriz salatu dugu sindikatuok, eta berriro mahaitik altxatzera eraman gaitu, uda ostean bilerei berriro ekin ondoren.

Osakidetzak Mahai Sektorialeko beste bilera-deialdi bat egin du ostiral honetarako, hilaren 11, alde bakarrez ezarritako edukiarekin, eta, gainera, eduki hori informatiboa da.

Jasotako gai-zerrendak, Osakidetzak alde bakarrez erabakitakoa, 2020-2021-2022ko Egonkortze eta Berrezartze Lan Eskaintza Publikoaren gaia barneratzen du. Aipatzekoa da joan den uztailean Osakidetzak EHAAn argitaratu zuela egonkortzeko EPEan eskaini beharreko plazen kopurua, inolako negoziaziorik gabe eta erabateko gardentasun faltarekin; izan ere, behin eta berriz eskatu arren, ukatu zigun Osakidetzako plantillari buruzko informazioa. Une horretatik aurrera, behin eta berriz aipatu dugu prozesu honetan eskaini beharreko lanpostuen detaile guztiak eta orain, ia 5 hilabete geroago, Osakidetzak lanpostu zerrenda bat bidaltzen digu, informazio gisa, inolako negoziazio posiblerik gabe.

Gauza bera esan daiteke plaza berrien sorreraren inguruan. Osasun Sailak, bere ohiko propaganda- kanpainarekin jarraituz, 2.109 plaza sortuko dituela iragarri du. Ohikoa denez, komunikabideen bidez izan dugu horren berri, eta, ondoren, Osakidetzak alde bakarrez hartutako erabaki baten xehetasunak bidaltzen dizkigu. Aipatu behar da kodetuko diren plaza horiek de facto existitzen diren plazak direla, eta orain arte aldi baterako langileek bete dituztela, behin betiko iruzurrezko kontratazioak dituzten langileak.

Azkenik, aipatu behar dugu Osakidetzak ez duela gai-zerrendan sartu sindikatuek behin eta berriz eskatu dizkioten gaietako bat ere. Are gehiago, deialdi honetan ez digu gairik sartzeko aukerarik ere eskaini.

Egoera larria denez eta konponbideak premiazkoak direnez, Osakidetza berriz ere deitzen dugu bilera bat egitera Lan Harremanen Kontseiluan, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuekin. Deialdia egiten diogu biharko, azaroak 11, goizeko 9.30tan. Mahai Sektorialaren bilera-deialdiko egun eta ordu berean egiten dugu deialdia, agenden kudeaketa errazteko. Aurten Osakidetza horrelako bilera batera deitzen dugun bigarren aldia da. Lehen aldian ez zen bertaratu, baina, egoeraren larritasuna ikusita, oraingo honetan negoziatzeko borondatearen adierazgarri gisa, bertan izatea espero dugu.

Osakidetzari exijitzen diogu behingoz negoziazioaren bideari ekin diezaiola, gure osasun sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoek berehalako konponbideak behar dituzten une honetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.