2026-11-13
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakETBren seinalea Nafarroan oztopatzearen aurka mobilizatu gara

ETBren seinalea Nafarroan oztopatzearen aurka mobilizatu gara



ETBko Langile Batzordeak deituta, eta EITBko gainontzeko Batzordeek bat eginda, kontzentrazioa egin dugu komunikabide publikoak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Izan ere, gobernu espainiarrak erabilitako lege eta mehatxuak direla medio, atzo Euskal Telebistaren seinale digitala eten egin baitzen Nafarroan.

EITBko LABen iritziz, eraso sinple bezain bortitz honekin estatu espainiarrak ETBren “txoriaz” gain, beste hainbat txori akabatu nahi ditu kolpe bakarrez: Nafarroan euskarak eta euskal kulturak (Nafarroako hizkuntzak eta kulturak alegia) duten babesa; Euskal Herria zatikatuta mantentzea; eta “kontakizun bakarraren” estrategiaren ildoa indartzea.

ETBren emanaldiak itunen bidez kontrolatzea edo zuzenean etetea aspaldiko estrategia da, UPNk sutsuki bezain gaixoki bultzatu eta Madrilek lagundutakoa. Halere, aipatzekoa da kolpe bortitza eman denaren unea, hain zuzen ere, Nafarroako hizkuntza eta kulturak babesik handiena izaten ari diren unean, eta herrialdean aldaketa politikoa abiatzen ari denean.

EITBri eta EAEko zein Nafarroako alderdi politikoei eta instituzioei zera eskatzen diegu: ahal duten guztia egiteko egoera larriari buelta emateko eta EITBren emisio guztiak Euskal Herri osoan ikusi ahal izateko, zazpi herrialdeetan hain zuzen ere. UPNri eta espainiar estatuari ez diegu ezer eskatzen. Izan ere, EITBko LABeko kideon iritziz, arrisku eta eraso horiek ekiditeko dugun berme bakarra estatu propioa izatea delako.

Euskal Telebistako Langile Batzordearen oharra

"ETBren emisioa Nafarroan ixteko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia Nafarroako gizartearen zati handi baten kontrakoa da dudarik gabe. Herrialde honetan, euskal kultura baztertzea du helburu eta EAE eta Nafarroaren arteko harremanak sakontzeko bidean jarritako harri handi bat da. Hego Euskal Herria deseuztea du xede, Gobernu Espainiarraren benetako eta funtsezko asmoa zentralismoa indartzea baita. Nafarroako emisio digitala eteteak, gainera, hainbat langile utziko ditu lanik gabe. Gobernu Espainiarraren jarrera salatzen dugu, Euskal Telebistaren langile batzordeak “Euskal Telebista Euskal Herri osoan” nahi dugulako."
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...