2026-10-02
HomeEkintza SindikalaGrebara deitu dugu irailaren 28rako Arabako helduen egoitzetan

Grebara deitu dugu irailaren 28rako Arabako helduen egoitzetan

LAB eta ELA sindikatuok deituta, Arabako helduen egoitzetako langileek greba eguna egingo dute datorren irailaren 28an, hitzarmen duin baten alde.

Negoziazioa blokeatuta dago otsailetik, eta patronalak ez du proposamenik egin, joan den uztailean agindutakoaren kontra. Hain zuzen ere, Aldundiak bi aldeak elkartzeko deitutako bilera hartan patronalak negoziazio berri baterako deialdia eta proposamen ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartu zuen, eta ez du bete.

Hala, mobilizazioa beste biderik ez dugu eta irailaren 28an, greba egunaren baitan, manifestazioa egingo dugu 11:00etan, Gasteizko erdigunetik.

Bi sindikatuon irakurketa:

LABek eta ELAk beste greba-egun bat deitu dute Arabako egoitza pribatuetan, irailaren 28rako. Bertan, manifestazioa egingo da goizeko 11etan Albertia Campus egoitzatik (Nieves Cano), Gasteizko erdigunean dauden egoitzetan barrena, Aldundira iritsi arte.

Negoziazioa blokeatuta dago 2022ko otsailetik, LAB eta ELA, eta negoziazio mahaitik altxatzea erabaki genuen patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin ondoren. Azken horrek egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileen prekarietatea betikotzen du, sektoreko langileek 2026an 1200 euro kobratzea nahi baitu, azken bi urte hauetan KPIren % 16ko karga metatuarekin eta 1742 orduko lanaldi nekagarria landuz.

Blokeo horren ondoren, Aldundiak bi aldeak (sindikatuak eta patronala) bilera batera deitu gintuen uztailean, negoziazioaren egungo egoera aztertzeko. Hortik atera zen enpresaren partetik negoziazio mahai berri baterako deialdia lehenbailehen egiteko konpromisoa, eta patronalak sindikatuei proposamen ekonomiko berri bat helarazteko konpromisoa hartu zuen. Gaur egun oraindik ez dugu berririk, eta, beraz, agerian uzten digu patronalak negoziatzeko duen jarrera eskasa.

Patronalaren pasibotasun horren aurrean, LAB eta ELA ez gaude prest sektoreko langileen egoera kaskarra luzatzeko. Hiru urte kalean, asteazkenero, kosta egin zitzaigun negoziazio-mahai bat lortzea, egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintziala negoziatzeko; beraz, ez gara geldituko mahaia berpiztu arte, negoziatzen jarraitu arte eta egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak behin betiko duindu arte.

LABek eta ELAk berriz ere aldarrikatzen dugu premiazkoa dela sektore feminizatu honetako langileak saritzea eta balioestea. Sektore hori funtsezkoa da, eta emakume horiek adinekoen bizitzari eusten diote. Eskatzen dugu behingoz behar bezala arautzea zainketa-sektore honen lana egiteko baldintzak, Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duinduz.

Horregatik guztiagatik, beste greba-egun bat deitu dugu asteazkenerako, irailaren 28rako, eta horri hainbat dinamika, mobilizazio eta greba-egun gehituko zaizkio datozen hilabeteetan, patronalak negoziazioak aurrera egiteko konpromisorik hartzen ez badu. badu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.