2026-08-02
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaHezkuntzako sindikatuok 3. mailako azterketei planto egitera deitzen dugu

Hezkuntzako sindikatuok 3. mailako azterketei planto egitera deitzen dugu


Hezkuntzako sindikatuok Hezkuntza Sailak Heziberriko bigarren faseko curriculum dekretuen bitartez, LOMCEren aplikazioan aurrera pausu nabarmena eman berri duela salatzeko agerraldia eskaini dugu gaur. Neurri honen aurrean LOMCEk eta Heziberrik ezartzen duten 3. mailako azterketari planto egitera deitzen dugu, eta horrekin batera, ebaluazio eredu berri baten bidean adostasunak eraikitzera.

Hezkuntzako sindikatuok 3. mailako azterketei planto egitera deitzen dugu
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTren irakurketa

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak, Heziberriko bigarren faseko curriculum dekretuen bitartez, LOMCEren aplikazioan aurrera pausu nabarmena eman berri du. Besteak beste, egun jada indarrean dugun ebaluazio sistema antipedagogiko, segregatzaile eta merkantilistan LOMCEren azterketak barnebildu ditu, ezarrita dagoen ereduan sakonduz.

Horrela hezkuntza sistema osoa baldintzatu eta kontrolatzea helburu duen ebaluazio sistemaren norabidean beste urrats bat eman du. Aurreko ikasturtean Hezkuntza Komunitateak ebaluazio sistema honekiko duen iritzia eta jarrera argi erakutsi zuen. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak 3. mailako azterketa modu orokorrean egiteko hartu duen erabakiaren aurrean, hainbat hezkuntza eragilek, argi utzi dugu gure erabateko aurkakotasuna.

Hezkuntza Sailak, modu erabat arduragabean jokatuz, azterketa egitearen erabakiaren ardura ikastetxeei pasa die, hori argi uzten duen inolako idazki ofizialik argitaratu gabe, ikastetxeetan zalaparta eta zalantza sortuz. Honen aurrean, irakaskuntzan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok ikastetxe guztietako langile eta eragileei, Ikastetxe Publiko, Ikastola zein Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetakoei, dei egiten diegu azterketa hauek ez egiteko bere esku dagoen guztia egitera, planto egitera, alegia. Bide horretan, klaustroak azterketa ez egiteko erabakia hartzera deitzen ditugu; eta honetan oinarrituta, Eskola Kontseiluek, zuzendaritzek edota ikastetxeetako titularrek azterketarik ez egiteko erabakia hartzera. Izan ere,

1.- LOMCEren aplikazio hutsa direlako eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako azterketari eta Bigarren Hezkuntzako errebalidei bidea irekitzen dielako.
2.- Hezkuntza sistema osoa kontrolatu eta baldintzatu eta pedagokikoki atzerapauso izugarria delako.
3.- Hezkuntza Komunitatearekin adostu gabeko ebaluazio sistema bat delako eta egungo ebaluazio ereduan beste pauso bat ematen dutelako, ikaslearen hezkuntza hobekuntza baino kalifikatu eta sailkatzea bilatuz.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu azterketa hauek, LOMCE eta honen aplikazio hutsa diren Heziberriren curriculum dekretuak, bertan behera utz ditzala eta hezkuntza komunitatearekin adosturiko hezkuntza sistema propioa garatu dezala berau ebaluatzeko ebaluazio sistema adostu batekin batera.

Hau honela ez den bitartean, Hezkuntza Komunitate osoari dei egiten diogu ebaluazio sistema honi aurre egin eta ebaluazio eredu berri baten eraikuntzan lan egitera. Oraingoan, eta bereziki, ikastetxe guztietako klaustroei, zuzendaritza taldeei, eskola kontseiluei eta ikastetxeetako titularrei zuzentzen gatzaizkie LOMCEk eta Heziberrik ezartzen duten 3. mailako azterketari planto egitera eta horrekin batera, ebaluazio eredu berri baten bidean adostasunak eraikitzera.

Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 16ean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.