2024-05-26
HomeEkintza Sindikala "Justizia sozialaren alde eta pobreziaren kontra"

[IRITZIA] “Justizia sozialaren alde eta pobreziaren kontra”

Nafarroako Esku-hartze sozialeko arduradun Oihan Ataunek sektorean irekita dagoen gatazkari buruz idatzi du:

Esku-hartze sozialaren sektorean 2010ean hasi nintzen lanean, gobernuaren tutoretzapeko adingabeentzako etxebizitza batean hezitzaile, enpresa pribatu batek azpikontratatuta. Gauez lan egiten nuen, eta aldi berean beste leku batean lan egin behar izaten nuen hilabetearen bukaerara iritsi ahal izateko, ez gastu asko nituelako edo oso kapritxo handiak nituelako, ez, baizik eta jasotzen nuen soldata ziztrina zelako, oso: 800 euro kobratzen nituen lanaldi osoan aritzeagatik, eta gauez lan egiteagatik osagarririk jaso gabe, jakina. Gauero 11 ordu ematen nituen lanean eta zortzi bakarrik ordaintzen zizkidaten, beste hiruretan lo egin nezakeelako.

Handik hilabete gutxira, egunez eta txandaka lan egiten hasi nintzen (goizez, arratsaldez, asteburuetan eta jaiegunetan), eta nire soldata zerbait handitu zen, baina ez hainbeste, 1.000 eurora igo zen; funtsezko zerbitzu publiko batean lan egiten nuen, eskubide sozialen zorroaren prestazioa bermatuta. Horrela aritu nintzen hainbat urtetan, inolako soldata-igoerarik gabe, inolako osagarririk gabe —ez txanda, ez jaiegun, ez antzinatasun osagarririk—. Hori bai, ongi nozitu nuen KPIaren igoeraren ondoriozko %10eko pobretze metatua.

Bizipen hau neurea da, baina beste ehunka langileren istorio tragikoa da. Eremu feminizatua da, pribatizatua, prekarizatua, instituzionalki gaizki tratatua eta historikoki baztertua. Esku-hartze sozialaren sektorean lan egin duenak badaki zertaz ari naizen.

Zorionez, 2021eko urtarrilean gure lan-baldintzak nabarmen hobetzen zituen hitzarmen bat lortu genuen: soldata-igoera, KPIaren bermea, plusak, urteko lanaldiaren murrizketa, opor gehiago eta beste gauza asko.

Orain, negoziazioetan gonbidatuta egon arren, parte hartu nahi izan ez zuten bost erakundek nahi dute hamarkada bat atzera egitea. Gosearen Kontrako Ekintzak, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak, Gurutze Gorriak, Ijitoen Idazkaritzak eta Caritasek hitzarmenaren aurka egin dute eta baliogabetzea eskatu dute. Harrigarria benetan, batik bat kontuan hartuta azken hirurak ez direla hitzarmena ezartzen ari. Gurutze Gorriak berea sinatu du, Ijitoen Idazkaritzak lehendik ere bazuen bere hitzarmena, eta Caritas sektorekotik aldendu da. Hori guztia gertatzen ari da, eta, bien bitartean, ez dute frogatu hitzarmena ez aplikatzea justifikatuko lukeen arazo ekonomikorik dutenik.

Kezka handia daukagu, ez baitugu ulertzen jarrera hori izatea ustez justizia sozialaren aldeko eta pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka sustatzen dituztenek, eta guk bat egiten dugu helburu horiekin. Hitzarmena baliogabetuko balitz, langileak pobrezia ekonomikoaren parametroetara itzuliko lirateke, eta, ondorioz, lan-baldintzak ez ezik, zerbitzu publikoak ere nabarmen okertuko lirateke. Hitzarmen hau bizirik edukitzea gizartearen premia bat da, herritar guztion onurarako baita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iruñea-Tuterako San Juan de Dios ospitaleko langileek ez dute “low cost” langileak izaten jarraitu nahi

Mobilizazioa egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, zuzendaritzari negoziatu dezala eskatzeko. Enpresa-batzordeak 5 hilabete daramatza 2022ko abenduan bukatu zen hitzarmen kolektiboa berritu nahian. Soldata duinak eskatu ditu, bizitzaren garestitzearen eta KPIaren arabera eguneratutakoak.

Bergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Atzo arratsaldean lan istripu larria gertatu zen Bergarako Embalan3 enpresan. Enpresako langilea, kamioi bat zamatzen ari zela, zama gainera erori eta azpian harrapatuta geratu zen. Une honetan langilea oso larri zaurituta dago erietxean.

Matia Fundazioko langileek hitzarmena negoziatu ahal izateko blokeoa etetea exijitu dute

Gaur kontzentrazioa egin dugu Matia Fundazioko langileekin batera, fundazioko zuzendaritza salatzeko asmoz, 2024. urtean hasitako negoziazio kolektiboa izoztuta dauka eta.