2024-05-05
HomeEkintza PolitikoaDiru-sarrerak Bermatzeko Errentaren lege proposamen berriaren abiapuntua okerra dela salatu eta benetako...

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren lege proposamen berriaren abiapuntua okerra dela salatu eta benetako eztabaida soziala aldarrikatu dugu

2008ko legea ordezkatu nahi duen proposamen berria orain arteko murrizketen gainean eraiki nahi da, beharrezkoak diren egiturazko neurriei bizkar emanda. LABek, Gasteizko legebiltzarrean erregistraturiko Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzan jasotako proposamenak eta 2018an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileko neurriak kontuan har daitezen eskatzen du. LABek agerraldia egingo du datorren astelehenean Gasteizko Legebiltzarrean, Lan eta Enplegu batzordean, bere proposamenen berri emateko.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege proposamenak orain arte etengabe murriztu den 2008ko legea ontzat emanez aurkeztu digu Idoia Mendiak. Kontrara, orain arteko argazkiak argi adierazten du egungo babes sistema eraisteko prozesuan dela eta prekaritate eta pobrezia egoerekin amaitzeko aukerarik ez duela eskaintzen.

2020ko Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunei buruzko inkestaren arabera, pobrezia erreala izateko arriskua dauden pertsonen %30a babes sistematik kanpo geratzen dira, eta egun, Inkesta beraren arabera, egun prestazioa jasotzen duten herritarren %37 pobrezia egoeran daude oraindik.

Pobreziarekin amaitu baino, pobreen aurkako gerra egitea erabaki du Jaurlaritzak. 2008ko legea etengabe murriztu da eta orain aurkezten zaigunak murrizketak lehengoratuko balira baino diru sarrera mugatuagoak ezarriko lituzke.

Hala, gaur egun pertsonako 727 eurotako kopurua eta 2023an 10 eurotako igoera ospatzen den bitartean, egungo legea betez gero 1.026 eurotakoa izango litzateke. Igoera izugarri gisa saldu diren 10 euroak ez dira ezta aurtengo % 8ko KPIaren igoera asetzeko gai.

Egungo testuinguru ezegonkor eta larrian, babes sistemaren inguruko eztabaida intergala gauzatu eta egiturazko eraldaketa sakon eta ausartak egitea ezinbestekoa da. Jasotzen den diru kopuruarekin batera, eredua bera da luzez hobetu beharrekoa, betiere prekaritatea eta pobreziaren kronifikazioari aurre egin eta herritar guztien bizitza duinak bermatzea helburu badugu.

Gauzak horrela, hauek dira LABek astelehenean legebiltzarreko agerraldian jasoko dituen proposamenak:

1. Lehenik eta behin, DSBEri buruzko lege proposamena bertan behera uztea exijitzen dugu eta benetako eztabaida sozial parte hartzailea zabaltzea aldarrikatzen dugu.

2. Diru sarrera duinak bermatu behar dira eta horretarako, hemengo errealitatearen araberako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata izan behar da erreferentzia.

3. Neurriak hartu behar dira DSBE jaso beharko luketen eta jasotzen ez duten pertsonek (% 30) prestazioa eskura dezaten.

4. Era berean, hartzaileen laurdena pentsionista dela kontuan izanik, pentsioak osagarritzeko DSBE baino, bide berriak arakatu daitezela eskatzen dugu. DSBE ezin da izan pentsioak osagarritzeko aukera bakarra, besteren artean izaera desberdina duten diru sarrerak direlako.

5. Etxebizitzen prezioa mugatu eta etxe kaleratzeak eten, erabilera balioa truke balioaren gainetik jarri behar delako, eta etxebizitza eskubidea inoren negozioaren gainetik dagoelako. Etxegabetzeak prebenitzeko neurri gisa jardun dezaketen estrategiak, administrazio publikoari dagokiolako eskubide subjektibo unibertsala izan dadin bermatzea.

6. Generoak daukan eragina kontutan har dadila, DSBE jasotzen duen gehiengoa emakumea delako. Gure proposamenean jasotzen dugun zaintzagatiko etetea sostengatzeko funtsa eraikitzeko azterketa egin dadila eskatzen diogu legebiltzarrari.

7. Kronifikatzen ari den prekarizazio sozial eta laboralei erantzukizunez heldu behar zaie eta behingoz patronalaren interesen araberako enplegu politikak alboratuz.

8. Sistemaren iraunkortasun ezin da oinarritu pobrezia mailarik larriena pairatzen duten pertsonentzat baliabideak murrizten; erreforma fiskal justua burutu behar da eta iruzur fiskala zigortu.

9. LABek Gasteizko Legebiltzarrarekin batera iaz erregistratu zituen Euskal Herrirako Lan Kodearen eta Gizarte Segurantzaren Legearen proposamenak kontuan hartzea. Horretan, lan eta bizi-baldintzak aldatzeko neurri erreal eta zehatzak aurkezten ditugu, egungo eskumenetatik egingarriak direnak eta, aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak egiten ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.