2024-05-04
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako Aldundiko eraikinetako garbitzaileek greba mugagabea egingo dute astelehenetik aurrera

Gipuzkoako Aldundiko eraikinetako garbitzaileek greba mugagabea egingo dute astelehenetik aurrera

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalak garbitzen ditugun EULENeko langileak hemen elkartuko gara berriro.

19 egun daramatzagu greban, 19 egun greban, hitzarmen kolektiboan erosmeen ahalmena bermatzeko. Hilabeteak Aldundiaren eta Eulen enpresaren aurka borrokan, ez baitute KPIa bermatuko digun inolako akordiorik lortu nahi.

2021eko maiatzetik ari gara hitzarmena negoziatzen, helburu bakarrarekin: negoziazioa hasi aurretik baino pobreagoak izan ez gaitezen. Urte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EULEN enpresak entzungor egin diete gure aldarrikapenei. Izan ere, hitzarmen kolektiboan erosteko ahalmena bermatzea besterik ez dugu nahi. Argiak, gasak, gasolinak edo oinarrizko elikagaiek etengabe gora egiten duten garai hauetan, plantilla honen asmoa fakturak hilaren amaieran ordaindu ahal izatea da, eta horretarako, KPIaren bermea funtsezkoa da.


EULEN enpresak, urtebeteko negoziazioaren ondotik, egin duen eskaintza ekonomiko bakarra honako hau izan da: 2021erako soldatak izoztea, 2022rako % 1,5 eta 2023rako % 1.75. Hiru urte horiek batuta ere, ez ginateke iritsiko 2022ko KPIaren erdira ere. Enpresak, noski, KPIarekin loturarik ez duten soldata-planteamenduak egiteaz gain, 2021erako, pandemia urterako,  soldatak izoztea planteatzen du.  Eta hori da zuen langileei egiten diezuen errekonozimendua? Soldata izoztea pandemia garaian egindako ahalegin guztien ondoren? Lotsagarria da.

ELA, LAB eta ESK sindikatuen ustez, ezin dira KPIa baino igoera txikiagoak eman. Kolektibo honek errespetua eta lan-baldintza duinak merezi ditu, eta, horretarako, ezinbestekoa da erosmen ahalmena ez galtzea.

Urte hasieran Aldundiarekin bildu ginen. Bilera horretan gure nahiak azaldu genizkion administrazioari, atera behar zituen pliego berrietan jaso zitzan. Baina hilabete hauetan eta batez ere azken grebetan administrazioaren aldetik ikusi duguna zera da, gure aldarrikapenak pleguetan jaso ordez, beren arma guztiak erabili dituztela greba eta kolektiboaren borroka oztopatzen saiatzeko.

Foru Aldundia da gure zerbitzuaren azken arduraduna, eta bera da, erantzukizunez, gatazka honetan parte hartu beharko lukeena, akordioak lortzeko. Baina ikusten duguna da, beste behin ere, administrazio publikoak esku hartu duela gatazkan langileen interesen aurka eta patronalaren interesen alde. Eta hemendik, beste behin, bere jarrera salatu nahi dugu.

Gipuzkoako Ogasunak 1.234,2 milioi euro bildu ditu urteko lehen lau hilabeteetan, aurreko urteko aldi berean baino 209 milioi gehiago. Baina, non erabiltzen da diputazioaren diru hori, nora bideratzen da gipuzkoarron diru hori? Partida horren % 0.02arekin gure aldarrikapenak beteta daudela ziurtatzen dizuegu. Hau ez da diru kontua, hau borondate politiko kontua da.

Baina badakigu administrazio publikoarentzat eta enpresa pribatuarentzat gutxieneko zerbitzuak dekretatzeko baino ez garela funtsezkoak. Gutxieneko zerbitzuetan inbertitu zuten energiaren laurdena inbertitu izan balute akordio batera iristeko, ziur aski gaur ez ginateke hemen egongo. Baina ez, haientzat funtsezkoak soilik zerbitzu minimoetarako izaten jarraitzen dugu, emakume gaixo haiek izaten jarraitzen dugu, haiek ikusten ez gaituztenean komunak garbitzen dituztenak, beren zaborra ateratzen dugunak eta dena prest jartzen dutenak haiek iristen direnerako. Emakume pobre ikusezin horiek izaten jarraitzen dugu, eta ez dugu eskubiderik soldata duinak izateko, ezta KPIri lotutako soldata-igoerak izateko ere.

Ba asko sentitzen dugu, baina gaixotik ez dugu ezer, badakigu pobre, isilik eta geldi nahi gaituztela, baina hemen borrokarekin jarraitzeko prest dagoen talde bat dago, erosteko ahalmena galtzea onartuko ez dugulako borrokatzeko prest, behin eta berriz oihukatu dugu: KPI gabe ez dago hitzarmenik.

Horregatik guztiagatik, datorren astelehenean, ekainaren 6an, greba mugagabea hastea beste aukerarik ez dugu. Greba mugagabea KPIa ziurtatzeko eta, beste behin ere, Diputazioari eta EULENi argi uzteko aurrean gaituztela, emakume antolatuak garela eta azkeneraino borrokatzeko prest gaudela, KPIrik gabe ez baita hitzarmenik egongo, borroka hau irabazi egingo dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.