2026-10-06
HomeEkintza SindikalaJarraipen zabala Bizkaiko garbikuntzako greban

Jarraipen zabala Bizkaiko garbikuntzako greban

Bizkaiko eraikin eta bulegoetako langileak kalera atera dira gaur euren lan baldintzak duindu behar direla aldarrikatzeko. Kalejira zaratatsua egin dute Bilbon, Berastegi kaletik abiatuta eta blokeoaren erantzule diren zeinbat enpresetan geldialdia eginez. Izan ere, laugarren greba eguna dute gaurkoa, eta bihar eta etzi, maiatzaren 11 eta 12an jarraipena izango du negoziazio mahaiaren gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta. 

Orain dela urte bat baino gehiago eratu zen Bizkaiko Garbikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eta ordutik patronalak eskaintza eskasak besterik ez ditu egin. Garbitzaileen egoerak, ordea, hobekuntza nabarmenak behar ditu. Bizkaiko langileen soldatak ez baitira 16.000 eurotara iristen, eta gehienek jardunaldi partzialak dituzte. Hori gutxi ez,  eta bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, KPI inoiz baino puztuago dagoen une hauetan. 

Ondorioa garbia da: soldata arrakala. Gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin erkatuz gero, eraikinetako garbitzaileek kale garbitzaileek baino %45a gutxiago irabazten dute. Hortaz, greba deitzaileek 1.200 euro x 15ko soldatak aldarrikatzen dituzte.

Gaurkoaren ondotik, biharko mobilizazioei dagokionez, Bilboko Erribera Merkatutik hasita, garbikuntzako prekarietatearen Free Tourra egingo dute turistaz mozorratuta eta Bilboko Udaleko garbitzaile azpikontratatuen egoera salatuz, eta maiatzaren 12an, ostegunean, manifestazio nagusia Bilboko Deusto auzoko Lehendakarik Agirre kaletik Eusko Jaurlaritzaraino (Gran Vía, 85).

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.