2026-05-06
HomeEkintza Soziala2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora

2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora


EAEko 2016ko aurrekontuak: Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunari dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatu egiten da. 

EAJren gobernuak atzo goizean aurkeztu zuen Parlamentuan datorren urterako Aurrekontuetarako Lege Proiektua, baina egia esan, aurrekontuok ez darakuste 2015eko kontuekiko berritasunik. Salbuespen bakarra, zor publikoaren gastuaren ordainketak sortutako gastuak gora egingo duela 181 milioi eurotan, hau da, %25,4.

Honekin lotuta, nabarmentzeko da nolako aldea dagoen zorra eta kapital finantzieroaren exijentziak betetzeko egiten den aurrekontu-ahalegina eta legegintzaldi honetan zein PSEren agintepean ezarritako murrizketa sozialak atzera botatzeko interés falta argiaren artean.

Izan ere, 2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora. Gainera, igoera apal honen zati handia izaera sozialdun politika hauek egikaritu behar dituzten langileei dagozkien soldata-igoera apalek hartuko dute euren gain.

Hortaz, EAJren gobernuak disimulurik gabe erakusten du bere lehentasunak zorra itzultzea eta PPko gobernuak ezarritako defizitaren mugak betetzea direla. Muga hau BPGaren %0,3an dago zehaztuta eta berdina da autonomia erkidego guztientzat.

Modu honetara, Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunarri dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatzen da.

Hala ere, ziurrenik, datozen egunotan behin eta berriro entzungo ditugu Urkulluren gobernuari egiten zaizkion aldarrikapenak gastuaren muga gaindi dezan eta defizitaren muga gaindi dezan. Hori bai, garrantzitsua da kontziente izatea Estatuak bere esku dituela beharrezko tresna guztiak neurri koerzitiboak ezarri eta diziplina fiskaleko arauak indarrez betearazteko, Konstituzioaren 155. artikuluan jasotako autonomiaren interbentzioa barne.

Azken batean, defizitaren muga ez betetzeak desobedientzia eta Estatuarekiko deskonexio estrategia baten baitan soilik izango luke lekua, horrela gure politika ekonomiko eta sozialak erabaki ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Urrun ikusten dugun helburua, kontuan hartzen badugu EAJk toki berean bueltaka jarraitzea aukeratu duelako, autonomismoaren gurpila etengabe biraraziz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta erakundeek eraman dute enpresa gatazkaren fase berri honetara. Langileak ez dira erantzule, ondorioak ordaindu dituztenak baizik

Amurrioko enpresa-batzordeko gehiengoak balorazio argia egiten du orain arte gertatutakoaz eta Tubos Reunidosek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa eskatzeko hartu duen erabakiaren ondoren irekitzen den egoera...

VW Navarran 2027rako kontratazio eta produkzio aurreikuspenen balorazioa

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu VW Navarrak Enpresa Batzordeari atzo 2027ko ekoizpen programa posiblea egiteko, goranzko malgutasun neurriak adosteko ustezko beharra jakinarazteko moduak. UGT...

Langabezia datuek ez dute enplegu prekarioaren hazkundea islatzen

Pasa den urteko apirilean baino 3.594 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Azken hilabetearekiko ere jaitsi egin da langabezia (%3,07) eta 132.708 langabetu daude. Emakumeen artean azken hilabetean zein urtean langabeziak behera egin arren, langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59a, hain zuzen ere.