2026-11-04
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaArrantzaleon lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da

Arrantzaleon lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da


Hondarribiko atzoko lan istripu hilgarriaren aurrean, Arrantzaleon lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea exijitzen diegu armadore elkarte, baxurako-kofradia eta instituzioei. Bihar, urriaren 29an, 12:00etatatik aurrera ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa burutuko dugu Hondarribiko Arrantzale Kofradian.

 Atzo, urriaren 27an, arratsaldeko 19:30ean Hondarribiko “Almirante Berria” izeneko itsasontzian zoritxarreko lan istripua gertatu zen. 57 urtetako arrantzaleak bizia galdu zuen lanean ari zela. Sarea uretara botatzerakoan trabatuta gelditu zen eta uretara erori. Sarea altxatu zutenean hilik zegoen.

LAB betidanik ari da eskatzen lan baldintza duinak arrantza sektorerako. Hau da, interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen segurtasuna bermatu behar dela eta dagozkien atsedenak bete ditzatela itsasoan zein lehorrean. Zergatik? Itsasoko lan-baldintza gogorrek, seguratasuna eta atseden ezak sortutako arrisku eta nekeek arrantzaleen bizia jokoan ipintzen dutelako, orain gertatu den bezala. Noiz arte itxaron behar da istripu eta ezbeharrak gertatu ez daitezen neurriak hartzeko?

Armadoreek zergatik behartzen gaituzte eguraldi txarrarekin itsasoratzera eta baldintza horietan lan egitera? Arrantzaleon bizitzak ez al du ezer balio?

Armadore elkarteei, baxurako kofradiei, Jaurlaritzako Arrantza Sailari zein Espainiako eta Frantziako gobernuei honakoa exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta irakunkorraren alde egin dezatela, arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketa bideratzeko eta gure flota bideragarria izan dadin apustua egin dezatela . Amaitzeko, ez dezatela, euren probetxurako, arrantza sektoreko langileon eskubide eta bizitzarekin jokatu.

Guretzat, armadoreen interes ekonomikoen gainetik arrantzaleon bizitza dago eta horren alde egingo dugu borrokan.

Nahikoa delako, arrantzan ere prekarietateak hil egiten duelako, atsedenak eta segurtasuna eskatzen ditugu arrantzaleontzat. Hori dela, dei egiten dugu, bihar, urriaren 29an, 12:00etatatik aurrera ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Hondarribiko Arrantzale Kofradian deitua duen kontzentrazioan parte hartzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.