2024-05-04
HomeIndustriaIndustria KimikoaGAIKER-IK4ko langileek bizi duten egoera latzaren aurrean zentroaren kudeaketan aldaketak eskatzen...

GAIKER-IK4ko langileek bizi duten egoera latzaren aurrean zentroaren kudeaketan aldaketak eskatzen dituzte

GAIKER-IK4ko langileak azkenaldiko asteazkenero bezala, honetan ere enpresaren aurrean, Bizkaiko Parke Teknologikoan enpresak dituen instalazioetan, kontzentratu dira “Zuzendaritza eraginkor baten alde” lelopean, bizi duten egoera latzaren aurrean zentroaren kudeaketan aldaketak eskatzen dituztelarik.

GAIKER-IK4 I+G+Bean jarduten duen etekin gabeko fundazio pribatua da. Euskal herriko Zientzia sareko partaide da eta 16 enpresa pribatu eta instituzio publikoekin: Bizkaiko foru aldundia, Eusko jaurlaritza eta Euskal herriko unibertsitatearekin (UPV/EHU) osatutako patronatu batek zuzenduta.

Gaur egungo zentroaren egoera ulertzeko 2011ra jo behar da, ekonomikoki galera garrantzitsuak izan zuten urtea, batez ere, I+Gean diru-laguntza publikoetan eta enpresa pribatuetan ikerketarako inbertsioan egin ziren murrizketengatik. Egoera hau ez da hobetu azkenengo urteetan, 2014an egoera kritiko batera helduz, %28ko galerekin burututako urtea.

Galeren joera hau eta Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren garapena eta lehiakortasun saila burutzen ari den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarearen berrantolaketa kezkagarria da, Euskal Herrian I+Gean lanean dihardutenen lanpostuen kopuru handia kolokan jarriaz. Langileek adierazten duten bezala, zentro teknologiko bateko langile kopuruetan murrizketa egonez gero, kalterako izango da bai zentroaren berarentzat, bai sustraituta dagoen tokiko jendartearentzat. Lanpostuen galera honek ezagutzan eragin zuzena izanik, zentroak berak I+Gean oinarritatuko proiektu berrien aurrean lehiakortasuna galtzen du, bere diru iturri nagusia, eta baita ikerlari hauek lanean egin dituzten inbertsio ekonomikoa ere.

Azkenengo urteetan, GAIKER-IK4ko zuzendaritzak ekonomikoki atera dituen emaitza kaxkarrak gutxitzeko gastu sozialeko kostua murriztearen aldeko apostua egin du. 2013an 2012ko lan erreforma aitzaki hartua, abenduko aparteko soldata kendu zuen lan baldintzen funtsezko aldaketa baten bitartez. Horrez gain, 2014an , uztaileko aparteko ordainsaria ez zen ordaindu eta bigarren LBFAren medio abendukoa ere kendu zuten. Hau guztia gutxi ez bada ere, 2014aren bukaeran 6 kaleratze gauzatu ziren eta 2015erako indarrean dagoen EREa aurkeztu zen.

GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoko langileok ziur gaude, garaiz hartutako erabaki eta ekintza egokiekin, neurri hauek leuntzeko aukera egon zitekeela, zuzendaritzak enpresa komiteak 2012tik etengabe egindako proposamenei entzungor eginez aurrera egin izan ez balu. Arrazoi hau dela medio kudeatzaileei zentroaren kudeaketa ereduan aldaketak egitea exijitzen diete; bideragarritasun plan serioa aurkeztea, objetiboki egindako lan banaketa, eta zentroko langile bakoitzari dagokion funtzio eta ardurekin bat datorren ordainsarien berrantolaketa, enpleguaren mantentzea eta zentroaren etorkizuna bermatuko dituena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.