2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaOsasunbideko administrarientzako prestakuntza eta haien lana aintzat hartzea eskatu dugu

Osasunbideko administrarientzako prestakuntza eta haien lana aintzat hartzea eskatu dugu

Elkarretaratze bat egin genuen ostiralean erreklamatzeko Osasunbideak aintzat har ditzala administrariek dituzten prestakuntza beharrak, eta, halaber, haientzako errekonozimendu profesionala eskatzeko. Kolektibo honek argi eta garbi erakutsi du bere lanarekin konprometituak daudela, baina izugarrizko presioa, estresa eta gainkarga jasaten ari dira lanean. Gero eta gehiago dira lana utzi nahi dutenak, eta errealitate horren aurrean ezin dugu ezikusiarena egin.

LAB sindikatuak administrarien 200 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu erregistro honetan, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari eta Osasunbideari eskatzeko berehalako neurriak har ditzatela, baina, betiere, neurri horiek Oinarrizko Osasun Laguntzako plantilla osoarekin eta, bereziki, kolektibo honetako langileekin negoziatu eta adostu ondoren.

Ildo horretan, honako hobekuntza hauek proposatzen ditugu:

Prestakuntza:

• Ezinbestekoa da osasun etxeetako harrera-zerbitzuetan dauden langileek prestakuntza espezifikoa izatea, eta prestakuntza hori NAPIk ematea.

• Prestakuntza hori ezinbestekoa da bai hasten diren langileentzat, bai jadanik lanean ari direnentzat, horiek ere etengabeko prestakuntza behar dutelako. Prestakuntza hori behar-beharrezkoa da administrariek gero eta eginkizun gehiago dituztelako eta zentroen funtzionamendua gero eta konplexuagoa delako.

• Osasun arloko prestakuntza ere beharrezkoa da, hitzorduak behar bezala kudeatzeko.

• Lanean hasten diren langileentzako harrera-plan bat eskatzen dugu, Administrazioak nahitaez bete beharko duena.

Errekonozimendu profesionala:

• Osasun etxeetako administrarien lana zaila, gogorra eta nekagarria da. Azken honetan, eginkizunak ugaritu dizkiete, baina aldaketahoriek langileekin adostu gabe egin dira, eta lan hori ez da baloratzen. Egoera berri honekin, hainbat erabaki berehala hartzea eskatzen zaie, eta haiei ez dagozkien erantzukizunak bere gain hartu behar izaten dituzte. Osasun etxeak kudeatzea eskatzen zaie, eta, hori helburu, hitzorduak antolatu behar dituzte premia guztiei erantzun ahal izateko.

• Bestalde, herritarren presioa gero eta handiagoa da, Oinarrizko Osasun Laguntzan tresnarik ez dagoelako. Gainera, demanda ugaritu denez, hitzordua eskatzen denean, lehentasuna eman behar zaie behar handiena duten pazienteei, eta lan hori funtsezkoa eta espezializatua da. Lehenengo lerroan daudenez, herritarren eskakizunei erantzun behar diete, eta batzuetan haien atsekabea eta amorrua jasan behar dute, eta hitzezko irainak, mehatxuak, oihuak eta abar agoantatu. Arrisku psikosozialak ugaritu dira, eta hori ez da herritarren erantzukizuna, eta are gutxiago sistemaren antolamendu eskasa ordaintzen ari diren profesionalen erantzukizuna. Kezkaturik eta agobiaturik bukatzen dute lanaldia, eta hurrengo eguna ere berdin hasten dute. Estresa etengabea da.

• Pandemiarekin, protokoloak behin eta berriz aldatu dira, eta haiei dagokie sortzen diren zalantza guztiak argitzea (txertoak, kontaktuen jarraipena, murrizketak…). Egoera horiek endemikoak bilakatzeko arriskua dago, eta, prozedura argirik ez dagoenez, langileen segurtasun eza gero eta handiagoa da.

• Horregatik guztiagatik, destinoko soldata-osagarri bat eskatzen dugu administrari horientzat, 8 indizekoa. Osagarri hori zailtasun bereziko lanpostuetan eta erantzukizunezko lanpostuetan kobratzen da, eta Foru Administrazioaren lanpostu batzuetan kobratzen da jadanik, lanpostu espezifikoak direnean. Osagarri horrek balioko du langileek lanean segitzeko, kasu askotan beste lanpostu batzuetara alde egiten baitute osasun etxeetako lan baldintzak ikusi ondoren.

Eskatzen ari garena ez da kontu berria. Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileek beraiek aitortu dute jendaurrean: “Administrariek prestakuntza egokia behar dute, eta haien lanak errekonozimendua eta pizgarriak behar ditu, alde egin ez dezaten”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...