2026-11-04
HomeHerriak du hitza eta erabakiaLAB: “Prest ditugu oihalak erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak josteko”

LAB: “Prest ditugu oihalak erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak josteko”

LAB sindikatuan oihalak prest ditugu Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 21erako antolatutako ekitaldietan josteko. LABetik dei egiten diegu gure militantziari, eta euskal langile guztiei, erabakitzeko eskubidearen alde, deialdiarekin bat egin eta parte hartzeko.

Bi urte dira Gure Esku Dago abian jarri zela. Zorionik beroenak helarazi nahi dizkiegu ekimen herritarraren sustatzaileei, eta auzoz auzo, herriz herri, ekimena gorpuztu duten euskal herritar guztiei. Eredugarria da bi urteotan Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen alde sortu duen mugimendua, herritarrok erakarri, antolatu eta aktibatuz, ezberdinen arteko zubiak eraikiz, konplizitate berriak sortuz eta elikatuz, eta sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea oinarrizko eskubide demokratiko horren alde batuz. Gure Esku Dagok posible egin du ekimen anitz eta guztiz parte hartzailearen bidez eskubide demokratiko honen aldeko motorrak aktibatzea euskal jendartean.

Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Hiru printzipio horien bueltan bagoaz urratsez urrats bidea egiten. Ziur gaude, gainera, gaur arteko ekimenak arrakastatsuen ondotik, datorren igandean ere milaka eta milaka lagun mobilizatuko garela. Horrela behar du, gure esku dago. 

Euskal jendartearen borondatetik abiatuta hautesontzi erraldoiak josteko prest gaude. Herritarron borondateak ehuntzeko unea da. Ekimenaren sustatzaileek dioten moduan, zer, noiz eta nola erabaki behar dugu, eta ondoren erabaki ahal izateko erronka gauzatu. 

Iazko ekainean, giza-katea egin zenean, garbi geratu zitzaigun hura ibilbide baten hasiera zela. Orain pauso berri bat emateko ordua dugu. Jarrai dezagun aurrera bidean, ehuntze fasea borobildu, adoste fasea eraiki eta erabakitze fasea egikaritzeko. 

Erabakitzeko eskubidearen alde auzoak eta herriak, errepideak, kaleak eta hondartzak hartu ditugu. Orain hiriburuetako estadioak bete behar ditugu, oihal zatietan jasoa izan den milaka herritarren borondatea josiz.

Hasitako modu berean bukatzen dugu gure oharra, LABetik gure militantziari eta euskal langile guztiei dei eginez, Gure Esku Dago-ren deiari erantzunez aktiboki parte hartzeko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean aurrera egitea gure esku dago. LABetik geure konpromisoa berresten dugu lan munduan, lantokietatik estadioetara eta estadiotik lantokietara, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren eta indar batuketaren alde lanean jarraitzeko. 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.