2024-05-06
HomeEkintza SindikalaHitzarmen duin bat aldarrikatu dugu berriro Arabako Metalgintzako langileentzat

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu berriro Arabako Metalgintzako langileentzat

Arabako Metalgintzako hitzarmenaren mahai negoziatzailearen beste bilera batera deitu dute ostiralerako Gasteizen, Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan. Bileraren harira, sindikatuok elkarretaratzea egin dugu kanpoaldean, hitzarmen duin baten defentsan.

Arabako Metalgintzako ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala osatzen dugun sindikatuok, oso kultura sindikal desberdinetatik etorri arren, dinamika bateratu bati ekin diogu sektoreko langileentzat lan baldintza duinak erdiesteko. Antolatutako mobilizazioen artean, manifestazio jendetsu bat egin genuen Gasteizen, joan den otsailaren 19an.

Grebarako unea

LABek oso argi du antolakuntza, mobilizazioa eta borroka beste biderik ez dagoela hitzarmen duin bat lortzeko, eta grebarako unea dela berretsi dugu Arabako Metalgintzan. Ondoren, gure irakurketa, gaurko bileraren harira:

Gaur, martxoak 4, berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia. Bilera baino lehen, hamarnaka langilek elkarretaratzea egin dute lan baldintza duinak exijitzeko. Bileran bertan, SEAk bere burua behartuta ikusi du, mobilizazioen ondorioz, aldaketa txiki batzuk egiteko baina sektoreko arazo nagusiei erantzun gabe jarraitzen du. Hori dela eta, LABek uste du momentua dela grebak egiteko.

Arabako Metaleko Negoziazio Mahaia 10:00etarako deituta bazegoen ere, 9:30etan sektoreko hamarnaka langilek elkarretaratzea burutu dute CRL-LHK aurrean, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta. Elkarretaratzean Arabako Metalean lan baldintza duinak exijitu dituzte, sektorean borroka aldarrikatzeaz gain.

Aurreko asteetan mobilizazio ugari ere egon dira sektorean; hortaz gogorarazi behar dugu pasa den otsailaren 19an ia 1500 pertsonek parte hartu zutela 6 sindikatuok eta hamarnaka komitek deitutako manifestaldian. Bada, LABen ustez, mobilizazio horien ondorioz, eta baita horrek daukan potentzialitatearengatik ere, SEAk bere burua behartuta ikusi du mugimenduak egitera. Mugimenduok, ordea, oso txikiak izan dira eta ez diete erantzun sektoreak dituen arazo nagusiei.

Izan ere, patronalak oraindik ez du inolako aurrerapenik egin gai nagusietan: KPItik gaineko soldatetan, lanaldi jaitsieran, subrogazioan, aldibatekotasuna eta kontratazioan dagoen iruzurrean, lan osasunean, malgutasunean, baimenetan, Formazio Dualean,… Beraz, beraien negoziatzeko borondatea ziurtatu gabe dago.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek uste du momentua dela Arabako Metalean grebak egiteko, eta horrela luzatu diegu dinamika amankomunean dauden gainontzeko sindikatuei. Momentu egokiena da 6 sindikatuok mobilizazioak indartzeko eta langileak grebara deitzea, beti ere lan baldintza duinak lortzea helburu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.