2026-07-03
HomeEkintza SindikalaMobilizazioak egingo ditugu, Osakidetzako zentroen garbiketa zerbitzuaren hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurrean

Mobilizazioak egingo ditugu, Osakidetzako zentroen garbiketa zerbitzuaren hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok, Osakidetzako zentroen garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunen hitzarmen kolektibo autonomikoaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, mobilizazio-egutegi bat iragartzen dugu.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 4 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Denbora horretan, ezin konta ahala aldiz bildu gara enpresa esleipendunekin, baina enpresa horiek ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta txanda- kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak berez Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, azken hamarkada hauetan arautu zaigun homologazio-printzipioa akabatzeko aitortu gabeko asmoa dagoela uste dugu. Zentzu horretan, homologazioa arriskuan dagoela uste dugu. Enpresek zurrun eta irmo jokatzen dute, eta badirudi Osakidetzak egungo blokeoa babesten duela, azken horren zuzendaritzak ez baitio erantzuten egin dizkiogun bilera-eskaera ezberdinei.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok astero burutuko diren mobilizazio-egutegi berri bat adostu dugu, otsailaren 24an, ostegunean, abiatuko dena, Gurutzetako Ospitalearen (Barakaldo) aurrean goizeko 11:00etan burutuko dugun mobilizazioarekin. Mobilizazio-egutegia aste santura arte luzatuko da, eta greba-egun ezberdinak deitzea ez dugu baztertzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.