2026-06-29
HomeEkintza SindikalaLacteos de Navarra enpresako ia langile guztiek babestu dute hurrengo hiru urteetarako...

Lacteos de Navarra enpresako ia langile guztiek babestu dute hurrengo hiru urteetarako hitzarmen-akordioa, lan-baldintza onak bermatzen dituena #LortuDugu

Zenbait hilabetez negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren, Kaiku taldeko Lacteos de Navarrako langileen %98k oniritzia eman dio zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen artean lortutako hitzarmen-aurreakordioari (LABen gehiengoa du, 9 kideko 6 kiderekin), zeinak lan-baldintza onak bermatzen baititu hurrengo hiru urteetarako —bertzeak bertze, KPIaren soldata-igoerak eta dagozkien atzerapenak—. LABek zorionak eman nahi dizkie langileei, baldintza duinen alde tinko eta etengabe borrokatu baitira.

2021eko abenduaren 29an, 24 orduko bigarren lanuztearen egunean, aurreakordio bat lortu zen hurrengo greba-egunak bertan behera uzteko. Bertan, KPIaren soldata-igoerak bermatzen ziren, dagozkien atzerapenekin, enpresak malgutasuna sortzeko asmoa ken zezan, hurrengo urtean orduak emanez eta kategoria berririk sartu gabe.

Hurrengo lanuzteak bertan behera uzteko baldintza lortutako akordioaren edukia izan zen, eta gainerako hitzarmena epe laburrean negoziatzea. Eta hilabete eskasa izan da, negoziazio gogorren ondoren aurrerapauso nabarmenak lortu baitira.

Alde batetik, enpresak hitzarmenaren egungo baldintzak okertzeko egiten zituen proposamen guztiak kendu dira, hala nola malgutasuna handitzea, produkzio-egunak luzatzea edo langile batzuen eguneroko lanaldia egokitzea norberaren aukerako egunak murrizten.

Eta horrez gain, soldatetatik harago dauden baldintzak hobetzea lortu da, lana eta familia bateragarri egiteko hobekuntzak eginez, egutegiak eta lan-txandak gehiago antolatuz, mutualitateak kontingentzia arruntetarako erabiltzea debekatuz, telelana arautuz eta bertze hobekuntza sozial batzuk eginez.

Horren ondorioz, ia langile guztiek eman dute hurrengo hiru urteetarako lan-baldintza onak bermatzen dituen hitzarmen kolektiboa sinatzearen aldeko botoa.

LAB sindikatuak Lacteos de Navarrako langileak zoriondu nahi ditu, bere lan-baldintzak defendatu dituztelako eta baldintza horiek hobetzeko borrokatu direlako, enpresa-hitzarmena nabarmen hobetzea eta urte hasiera honetan hain lehiatua izan den erosteko ahalmena bermatzea lortuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.