2026-05-14
HomeEkintza SindikalaArcelor Olaberriako emakume langile bat hil egin da, lantegiaren aurrean izandako harrapatze...

Arcelor Olaberriako emakume langile bat hil egin da, lantegiaren aurrean izandako harrapatze baten ondorioz

Atzo, otsailaren 1ean, 21:30ean, emakume langile bat larriki zauritu zuten autoz harrapatuta, Arcelor Olaberriako bere lanpostutik ateratzean. Gaur goizean, zaurien larritasunen ondorioz hil dela jakin dugu.

Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan. Lanak sorturiko aurtengo seigarren lan heriotza da Euskal Herrian. Odol isuriak ez du etenik.

Lantokiko delegatu eta afiliatuei esker lortu dugu informazioa. Izan ere, ez Osalanek ez patronalak ere ez du inongo informaziorik eskaini. Gure iturrien arabera, langilea bere postutik parkinera zihoan oinez, lanetik atera berritan, eta errepidea zeharkatzen duen zebrabidean izan zen larriki harrapatua.

Arcelor Olaberriako langileek parking publiko bat erabiltzen dute autoa uzteko, eta handik lantokira joateko autobide azpian espreski eginiko oinezkoen pasabidea erabiltzen dute lanpostura sartzeko.

Patronalak iradoki duen “in-itinere” istripu mota ezin dugu inolaz ere onartu, nahiz eta eremu publikoan gertatu den, egunero errepikatzen den ohiko ibilbidea delako, aparkalekua enpresarena izango balitz bezala. Honi erantsi behar zaio langilegoak ezagutzen dituela zebrabide horren arriskuak eta argiztapen eza. Honela, Arcelorrek bai arrisku ebaluaketan eta bai mugikortasun planean ere, arrisku horiek identifikatuta eduki behar ditu dagokion arrisku altuko balorazioarekin eta neurri prebentiboak aplikatu behar ditu eremu horretan, diputazio eta udalarekin koordinatuz, bere lantokiko eremua balitz bezala.

Modu honetan, administrazio publikoari eskatzen diogu istripu hau lan istripu bezala ikertu dezala eta ez “in itinere” bezala. Izan ere, azken hauek ez dira lan istripuak bezala kudeatzen, beharrezkoak diren neurriak hartuz.

Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzetik izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak hasiko ditu Gasteizko Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak

Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute bihar, baldintza duinak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka...

Bizkaiko suhiltzaileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde borrokan

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak mobilizazioak egiten ari dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala.