2026-08-02
HomeEkintza PolitikoaKaleak hartu ditugu prekaritatea betikotzen duen lan erreforma atzera botatzeko

Kaleak hartu ditugu prekaritatea betikotzen duen lan erreforma atzera botatzeko

Manifestazio jendetsuak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, lan erreformaren kontra eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde, euskal gehiengo sindikalak deituta. Bilboko manifestazioan eta ondorengo ekitaldian izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta, Kongresuan ez ezik, lantoki eta kaleetan ere eragin behar dela nabarmendu du.

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko deia luzatu du: “Eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua sustatzen jarraituko dugu. Euskal Herrian lan, bizi eta erabaki nahi dugu. Erabaki ahalmena aldarrikatu eta praktika soberanista garatu. Lan eta pentsio erreformei ezetz esatearekin batera, Euskal Herrirako Lan Kode bat bultzatuz, Gizarte Segurantzako lege propio bat aldarrikatuz“.

Hala, urtarrilaren 27ko Aldarrikapen Egunean esan bezala, lan erreformak argi berdea ikusiz gero, bake sozialik ez dela egongo ohartarazi du: “Lan erreforma aukera legala da patronalarentzat, baina aukera erreala izatea oztopatuko dugu”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “borroka ziklo berri bat elikatzen ari gara, eta izango dira mobilizazio eta greba berriak, izango dira konfluentziarako momentuak. Ez dugu etsiko, egin dezagun posible Euskal Herria erreformarik gabeko herria izan dadin, egin dezagun posible Euskal Herrian lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak izatea. Egin dezagun posible bizitza duina”.

Zentzu honetan, mobilizazioen hurrengo geltokia otsailak 2 izango dela nabarmendu du. Izan ere, lan erreforma Espainiako Kongresuan bozkatu bezperan, lantokietan mobilizatuko gara: “Azken minutura arte borrokan jarraituko dugu lan erreforma hau bazter dezaten”.

Iruzurra

Gauzak aldatu nahi badira, mobilizazioa ezinbestekoa dela nabarmendu du idazkari nagusiak, eta, Euskal Herrian egin bezala, Espainiako beste nazioetan ere sindikatu soberanistek bultzatutako protestak egon direla goraipatu du, beti ere prekaritatea betikotzen duen lan erreforma honen iruzurra salatzeko: “Espainiako Gobernuak kea saldu die langileei. Patronalaren neurrira egindako akordio bat saldu nahi dute, historikoa delakoan, prekarizazioa betikotzen duenean. Bada, ez, ez digute ziria sartuko”.

Historikoa patronalaren betoa ez onartzea litzatekeela esan du: “Elkarrizketa soziala tranpa bat bilakatu da. CCOO eta UGT sindikatuek badakite akordio honek ez duela ezer iraultzen, eta, hori jakinik, itxura soziala eman nahi diote langileentzat akordio txarra denean”.

Era berean, Jaurlaritza eta EAJ kritikatu ditu Garbiñe Araburuk: “Hitzarmenak blindatu bai, baina kaleratzeei buruz ere hitz egin behar da. Hainbat enpresak lan erreforma baliatuz kaleratzeak egin dituzte edo egin nahi izan dituzte. Borroka sindikal eta sozial eredugarriak izan dira enplegu suntsiketa geratu dutenak. Eta non egon dira Jaurlaritza eta EAJ? Behin eta berriz, Jaurlaritzak patronalaren bozeramaile papera hartu du, ez du lan erreformaren aurkako jarrerarik adierazi”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.