2026-08-23
HomeNafarroako GobernuaEnpresetako "Prebentzioaren kultura bultzatu" ekimena pribatizatu du Nafarroako Gobernuak

Enpresetako “Prebentzioaren kultura bultzatu” ekimena pribatizatu du Nafarroako Gobernuak

LAB sindikatuak salatu duenez, Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati (AIN Nafarroako Industriaren Elkartea) eman die prebentzioaren arloko jarduera bat, NOPLOIko Lan Osasuneko Zerbitzua kontuan hartu gabe. 10.000 euroko kostua izango duen proiektua; balirudike kopuru hori txikia dela, baina oso praktika arriskutsu eta salagarri batean oinarritzen da, zeinetan arlo publikoak ordaindu eta arlo pribatuak onura ateratzen baitu.

Nafarroako Gobernuak, Nafar Lansareren bitartez, 10.000 euro ingururekin finantzatuko du “Prebentzioaren kultura bultzatu” ekimena, enpresetako zuzendariei zuzendua. AIN Nafarroako Industriaren Elkartea arduratuko da Mondragon taldeko OSARTEN prebentzio-zerbitzuak emango duen prestakuntza-programa koordinatzeaz.

Moduari dagokionez, LAB sindikatuaren iritziz, horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati ematen diela prebentzioaren arloko jarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Laneko Osasun Zerbitzuaren berezko baliabideak kontuan hartu gabe.

Horri dagokionez, Geroa Bairen esku dagoen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta, zehazki, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik, argitu behar dute zergatik pribatizatzen duten 2021-2024 Lan Osasuneko Planaren programen artean nabarmenki ageri den ekimen bat, gaur egun Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan eztabaidatzen ari dena. Era berean, kezkagarria da CCOO eta UGT sindikatuak horren inguruan isilik geratzea, CENen eskutik funts publikoen banaketan duten papera dela eta.

Funtsari dagokionez, LAB sindikatua ez dator bat osasunaren sustapena (ongizatea) termino orokorretan lan-osasunaren estrategian sartzearekin. Bere ustez, enpresen prebentzio-baliabide urriak ohitura-aldaketak sustatzera bideratzeko arriskua dago (elikadura, jarduera fisikoa, etab.), langileak beren prebentzio-eskubideen eskakizunetik aldenduz. Jakina, ez da ezer aipatzen plantillaren eta langileen ordezkarien parte-hartzeari buruz. Langileen parte-hartzerik gabe ez dago prebentzio eraginkorrik. Beraz, LABen ustez, estrategia teknokratikoa da, eta horregatik, epe luzera ez da oso eraginkorra.

Txibiteren Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua berretsi du (publikoak ordaintzen du eta pribatuak etekina ateratzen du). LAB sindikatua ez dator bat jarrera horrekin. Pandemia-egoerak erakutsi du pribatizazioen negozioaren alde egiteak, lankidetza publiko-pribatua deiturikoak, publikoa ahultzea dakarrela. Eta publikoa ahultzeak gure osasuna arriskuan jartzen du.

LABek Nafarroako Gobernuari erabaki horren arrazoiei buruzko argibide bat eskatzen dio, baita erabaki hori zuzentzea eskatu ere. Era berean, arlo publikoa indartzeko eta UPNren gobernuen herentzia pribatizatzailearekin behingoz hausteko eskatzen dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...