2024-05-07
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaNerabeak zaintzeko programa espezializatuetako hezitzaileak parte-hartze handiagoa eskatu dute

Nerabeak zaintzeko programa espezializatuetako hezitzaileak parte-hartze handiagoa eskatu dute

Portaera-arazo larriak dituzten nerabeak zaintzeko programa espezializatuetako hezitzaileak etengabe erasotuak izateko arriskuan daude eta batzuetan segurtasuna edota bizia ere arriskuan jartzen dute. Egoera honi buelta emateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurrak eta Nerabeak Babesteko Lurralde Zerbitzu Espezializatuetako langileak, Irisasi-Uralde zentroetako komitea, Babesten enpresako komitea, Azpilikuetako langileen delegatua, LAB eta CCOOk egunerokotasunean lanean dabiltzan hezitzaileen benetako parte-hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. 

Portaera-arazo larriak dituzten nerabeak zaintzeko programa espezializatuetako hezitzaileak etengabe erasotuak izateko arriskuan daude eta batzuetan segurtasuna edota bizia ere arriskuan jartzen dute. Egoera honi buelta emateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurrak eta Nerabeak Babesteko Lurralde Zerbitzu Espezializatuetako langileak, Irisasi-Uralde zentroetako komitea, Babesten enpresako komitea, Azpilikuetako langileen delegatua, LAB eta CCOOk egunerokotasunean lanean dabiltzan hezitzaileen benetako parte-hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurrak eta Nerabeak Babesteko Lurralde Zerbitzu Espezializatuetako langileak, Irisasi-Uralde zentroetako komitea, Babesten enpresako komitea, Azpilikuetako langileen delegatua, LAB eta CC.OOen oharra

GIPUZKOAKO EGOITZA HARRERAKO BALIABIDE ESPEZIALIZATUAK: Hezitzaileak erasotuak, gazteak babes gabe

«Portaera-arazo larriak dituzten nerabeak zaintzeko programa espezializatuetako hezitzaileak etengabe erasotuak izateko arriskuan gaude, batzuetan gure segurtasuna edota bizia ere arriskuan dagoela. Zoritxarrez, aurreko asteetan zentro hauetako batean gertaturikoa, azken urteetan Gipuzkoako gainontzeko zentro espezializatuetan ere gehiegitan errepikatu den egoera da.

Zentro honetan, pasa den abenduaren 23tik aurrera bakarrik kontuan hartuta, 54 hezkuntza neurri zuzentzaile ireki dira, eta hauek guztiak, 6 gaztek bakarrik eraginak. Hezkuntza neurri zuzentzaile hauetan honako hauek azaltzen dira: irainak, mehatxuak, errespetu faltak, diru lapurretak, material elektronikoen lapurretak, arma bezala erabil daitezkeen objektuen lapurretak, agresioak, hezitzaileei aulki, platera, edalontzi, pesa, extintore, ordenagailu eta bestelako gauzak jaurtitzea, aurpegi, buru, bizkar eta lepoan kolpeak, ostikoak, ukabilkadak, metalezko barra, egurrezko ohol, gerriko zein porrak erabiliz agresioak eta azkenik puskaturiko kristalezko botila bat hezitzaile baten lepoan jartzea, honen bizia arriskuan jarriz. Honek guztiak hezitzaile taldeen integritate fisiko zein psikologikoa arriskuan jarri du eta ondorioz 4-5 hezitzailek beraien lanpostua utzi behar izan dute eta beste 10 bajan daude.

Horrelako egoeren aurrean ez da gure segurtasuna arriskuan dagoen bakarra. Egoera horiek, gure hezitzaile zein babesle lana deuseztatzen du. Nerabe bat bere etxetik babesik ez duelako ateratzen denean, nahiz eta agresibitate arazorik ez izan, berriz ere babesik gabe egongo da, oraingoan babes instituzional gabe. Nerabe hauek egunerokotasunean giro oldarkor batean bizitzera behartuak daude. Gainera, indarkeria horrek inolako ondoriorik ez duela edo gehienez barregarriak diren ondorioak dituela ikusita, indarkeria hori sozializatzeko tresna gisa erabiltzen dute, beraien egoera are okerragoa eta zailagoa bihurtuz.

Egoera larri hauek gertatzen direnean, ditugun baliabideak erabiliz, ardura edo erantzukizuna duten instantzia tekniko zein direktiboei gertaeren berri ematen diegu. Nahiz eta guztia kontrolatzeko bitarteko egitura ugari eduki (entitate kudeatzaileak, Laguntza Teknikoko Zerbitzua, kasuetako teknikariak…), edo agian guzti hori edukitzearen erruz, erantzuna ezin frustragarriagoa eta mingarriagoa da: isiltasuna, erantzunik eza eta gainera gure lanerako gaitasuna zalantzan jartzea, gure “kexa” enpresekin ditugun lan baldintzen arazoek motibatuta datozela iradoki dute.

Hala ere, gezurra esango genuke arduradun politikoek kasurik egin ez digutela esango bagenu. Egoera, aurreko legealdiarekin alderatuta, guztiz aldatu da: aurreko gizarte-politika diputatuaren taldea ez zen sekula ere hezitzaile taldeekin bildu; oraingoak, aldiz, hamaika bilera egin ditu bai sektoreko ordezkari sindikalekin baita zuzenean eskaera egin duten hezitzaileekin ere. Baina hezitzaile taldeek daukaten sentsazio bateratua da, hartzen diren neurriak beti hezitzaileek egoera jasangaitzak salatzen dituztenean hartzen direla, konponbiderik ez daukan egoera batera heldu aurretik eta kasuan kasuko neurriak hartuz, arazo horiei hasieratik heldu beharrean. Izan ere, teknikari eta entitateak gehiago arduratzen dira aldundiaren aurrean zentroen itxura idilikoa “saltzeaz”, bertan ematen diren arazo larriez baino. Orain ere, azken aldiko gertaera larrien ondorioz, atzo bertan larrialdiko neurriak martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten. Beharrezkoa bai, baina ez da nahikoa.

Beharrezkoa da epe motzeko egoera jasangaitza izan delako eta orain ere badelako, eta beharrezkoa da berehalako neurriak hartzea. Ez da nahikoa estrukturalki hartzen den edozein neurri, foru-arau berrien ezarpena kasu, egunerokotasunean lanean dabiltzan hezitzaileen benetako parte-hartzerik gabe diseinatzea. Jakin badakigu Aldundia parte-hartze prozesu horien aldekoa dela, baina entitate kudeatzaileek langileei aukera hori ematea ere bermatu beharko luke.

Hain garrantzitsua den eskaera bat egiterakoan, ezinbestekoa da maila bereko erantzukizun profesionala erakustea. Izan ere, Aldundiari egindako eskaera honek elkarlanerako konpromiso sendoagoa izatera bultzatzen gaitu, bai eremu sindikalean, baita hortik kanpo ere. Uste dugu ordua iritsi dela zentroetako hezitzaileak bildu eta gure ahotsa behar den lekuan, erabakiak hartzen diren horietan, entzun dadin, gure lan baldintzetan zein lan egiten dugun gazteek jasotzen duten zerbitzuan eragina baitaukate erabaki horiek. Horretaz gain, momentu egokia iruditzen zaigu jendartean harrera-egoitzen sarearen zerbitzu ereduaren eta kudeaketaren inguruan eztabaida sortzea, izan ere, zerbitzu honek, 24 milioi euro inguruko gastua suposatzen digu urtero gipuzkoarroi (guztiz beharrezkoak diren 90.000 euro inguru gazte bakoitzeko).

Aurretik azaldutako egoerek zalantzan jartzen dute sistema guzti honen eraginkortasuna eta baliabide ekonomiko horiei ateratzen zaien probetxua. Aukera ona litzateke gure inguruko hainbat herrialdetan ematen diren beste eredu batzuei erreparatzea, hain baztertzaileak ez direnak eta komunitatean integratzea ahalbidetzen dutenak.

Honegatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurrak eta Nerabeak Babesteko Lurralde Zerbitzu Espezializatuetako langile guztiei deia egiten diegu OTSAILAREN 6AN Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean egingo ditugun asanbladetan parte hartzeko, bai goizean 10:00etan zein arratsaldeko 16:00etan.»
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.