2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaEuskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute

Euskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute

Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Lege honek Euneiz unibertsitate egitasmo pribatuari finantziazio publikoa eskura jarri dio.

LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT/LKN, ESK, UOV/EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernairen ohar bateratua, Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioaren harira:

Gaur diru-kutxa publikoen kontrako eraso larria bete dute EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek, Legebiltzarreko osoko bilkuran onartu baitute Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea. Izan ere, lege honek Euneizunibertsitate egitasmo pribatuari finantziazio publikoa eskura jarri dio. 

2017an zalaparta handiz Querejeta, Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran eta EUSES eta ENTI ikerketa-zentroen zuzendariek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenean, etorriko zenaren kontziente izan ginen. Argi dago Querejetak hariak ondo mugitu dituela agintari politiko batzuekin, zeren eta irabazi-asmoko unibertsitate honek hasiera-hasieratik jaso baitu erakundeen bultzada agerikoa, diru publikoaren injekzioen iragarpenarekin batera.

Behin baino gehiagotan salatu dugunez, unibertsitate honen izaera elitistari (neurri handi batean atzerriko familia dirudunen ikasleei zuzenduta egongo dena) hemen jada eskaintzen diren ikasketa batzuk bikoiztea gehitu behar diogu. Izan ere, Euneizek eskainiko dituen bi gradu eskaintzen dira jada EHUn (horietako bat Deustuko unibertsitate pribatuan ere), eta beste hiruren antzeko ikasketak unibertsitarioak ez diren hezkuntza-zentro batzuetan badaude ere. Era berean, Euneizek eskainiko lituzkeen bi masterren edukiak jasotzen dituen bi master eskaintzen ditu EHUk. Euskal jendartearen eskaerak ez du beraz justifikatzen ikasketa berri hauen eskaintza. Edozein kasutan, ikasketa berrien eskaera antzematen bada, unibertsitate publikoaren bidez eskaintzea dago, beharrezkoa den finantzaketa emanez. Euneizen inguruan egindako txosten ofizialek erakutsitako gabeziaz gain, kezka handia daukagu euskarari emango zaion tratamenduagatik (ikasketetan zein presentzia izango duen ez dago zehaztuta), baita langileen lan-baldintzengatik ere (arduraldi-erregimena, aukeraketa-prozedurak eta beste alderdi asko ez dira publiko…).

Diru publikoa zein ikasleak lortzeko UPV/EHUrako Euneizek suposatzen zuen lehiaz ohartuta, EHUko zuzendaritza taldeari jarrera irmoa eskatu genion egitasmo honen aurrean, ondoriorik gabeko epeltasunean geratu dena. Era berean, sindikatuok zein ikasleen antolakundeok martxan jarri ginen proiektu hau salatzeko eta bertan behera geratzeko eskatzeko, bereziki funts publikoak ez jasotzeko exijentziarekin. Gaia EHUko Gobernu kontseilura eraman genuen, erakundetik lortu ez genuen adierazpen baten bila. Euneiz oinarri duen Innovaraba egitasmoaren aurkezpena egin zenean elkarretaratzea burutu genuen Gasteizko Europa Jauregiaren aurrean, baita EHUko 2021-22 ikasturtearen hasiera-ekitaldian, Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua han egon zirela. Komunikatuak eta iritzi artikuluak zabaldu ditugu ere, arrisku honetaz jendartea ohartaraziz, nahiz eta hedabide batzuetan Euneizen aurkako ekimen hauek guztiak isilarazita izan diren.

Gaur, beste elkarretaratzea egin dugu, oraingoan Legebiltzarraren aurrean, interes pribatuek euskal jendarte osoari sartu dioten gol erabakigarria salatzeko. Izan ere, EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-ek Euneiz Euskal Unibertsitate Sisteman sartu dute, UPV/EHUrekin zein Mondragon Unibertsitatea eta Deustoko unibertsitate pribatuekin batera. Irabazi-asmoko eragile berri honek diru publikoak eskatu eta jaso ahal izango ditu hemendik aurrera, aipatutako alderdien eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren erabateko sostenguarekin. Beste lehiakide bat guztion diru publikoak bereganatzeko lehian.Hori bai, gutxi batzuen onerako, batez besteko 8.000 euroko matrikula urtekoordaindu ahal dutenen onerako. Hori guztia, unibertsitate publikoak EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitateko hezkuntza-unibertsitarioa eta langile guztien lan-baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean. Gaurko erabakiak argi uzten du hezkuntza unibertsitarioari dagokionez, EAJ/PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-en lehentasunak hezkuntza pribatuan daudela.

Ikuspegi juridikotik egin duten mugimendu bakarra 2021eko abuztuan indarrean sartu zen unibertsitateak sortzeko Errege Dekretuak ezarritako baldintzak musu-huts uzteko izan dira. Izan ere, legeak gutxienez 10 gradu, 6 master eta 2 doktorego-programa eskatzen ditu, gutxienez 3 jakintza arlotan. Euneizek hau betetzetik urrun dagoenez EAJ-PNV eta PSE-k emendakinak aurkeztu zituzten legearen aurreproiektuan aipatzen ziren ikasketa zehatzak kentzeko, modu honetan oztopo legalik ez egoten saiatzeko. Aipatzen dute 2022ko udazkenean hasiko direla klaseak Euneizen, baina argi dago momentu horretan ez duela beteko legeak ezarritakoa. Presa handia eta direnak eta ez direnak egin dituzte ekimen elitista hau ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

Euskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute gaur.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.