2026-05-10
HomeUncategorizedEnplegua egonkortzeko LEPak: NUPen utzikeria hizkuntza-politikan

Enplegua egonkortzeko LEPak: NUPen utzikeria hizkuntza-politikan

Azaroaren 2an Negoziazio Mahaia izan genuen. Mahai horretan LABek galdetu zuen unibertsitateak hizkuntza-eskakizunei buruz duen planteamenduari buruz, egonkortze-prozesuen ondorioz laster oposizio-lehiaketara aterako diren ia 90 plazetan.

Gure harridurarako, desatsegina noski, jakinarazi ziguten ez dela euskarazko hizkuntza-eskakizunik ezarriko egonkortze-prozesuan aterako diren lanpostuetan, eta esan ziguten, egonkortze-plazak direnez, hizkuntza-eskakizuna aldatzen bazaie, oso posiblea zela gaia epaitegietara eramatea eta epaitegietan galtzea. Hau da, euskara normalizatzeko neurriak hartuz gero zenbait jende, eragile edota sindikatu haserretzen direnez, neurri horiek ez dira hartzen eta kito.

Gogoan izan behar da, berriz ere, bere garaian NUPeko Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeak onartutako dokumentu bat dagoela, hizkuntza-eskakizunak ezartzeko irizpideak finkatzen dituena, eta NUPeko Gobernu Kontseiluak onartuko ziren hurrengo LEPetan betetzeko konpromisoa hartu zuela. LABek, egonkortze-prozesuak abian jarriko zirela jakin zuenean, behin baino gehiagotan galdetu zion unibertsitateari dokumentu horri buruz eta dokumentu hori betetzeko konpromisoari buruz; unibertsitatearen erantzuna beste aldera begiratzea izan zen beti. Ildo horretan, arbuiatu beharrean gaude NUPeko Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak denbora honetan guztian izan duen papera, ez baitu jarraipenik egin akordio horiek betetzeko, eta ez baitu beste lan-ildorik garatu alor horretan.

10 urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta, denbora honetan guztian, NUPek hizkuntza-politikari buruz izan duen anbiziorik eza nabarmena izan da; nahikoa da esatea 2016an onartutako Euskararen Plan Zuzentzailean ez zela inolako plangintzarik jasotzen AZLren eremuan euskararen normalizazioan aurrera egiteko, ez helbururik, ez eperik, ez neurri zehatzik, ezer ez.

Gainera, unibertsitateak beti justifikatu izan du aurrerapen falta hori esanez LEPak deitzen zirenean emango liratekeela; tira ba, orain deialdiak egingo diren honetan, esaten zaigu ezin direla hizkuntza-eskakizunak aldatu, eta, beraz, plantilla bat egonkortuko eta betikotuko da, non soilik lanpostuen % 5ek euskarazko hizkuntza-eskakizuna izango duten, eta hori ez da nahikoa inolaz ere unibertsitate-komunitateari hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

LABek berriro azpimarratu nahi du, Nafarroako hainbat administrazio publikotan, Nafarroako Gobernuan barne, Euskarafobia nagusi den testuinguru honetan, Unibertsitate Publikoa eragile nagusi bihurtu beharko litzatekeela euskara sustatzeko, haren ezagutzari eta erabilerari prestigioa emateko eta guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko, baina horren aurrean erakusten duen utzikeria benetan etsigarria iruditzen zaigu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea aldarri Bilboko kaleetan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituriko manifestazioan bildu gara gaur, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatua arbuiatu eta, aurrerapenari trabak jarri baino,...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

LAB, TEKNIKARIOK, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak gara deitzaile, eta maiatzaren 15a izango da greba eguna, sektore horretan deituko dugun lehendabizikoa, hain zuzen ere.

Garbiñe Aranburu eta Urko Aierbe: “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, kalera!”

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta Urko Aierbe Euskara idazkariaren iritzi artikulua. Bihar larunbata, maiatzaren 9an, manifestazioa deitu dugu Bilbon, "Euskaraz bizitzeko eta...