2025-12-06
HomeEkintza PolitikoaEspainiako Gobernuari zuzenduko gatzaio, lan erreforma bertan behera uzteko promesa bete dezan...

Espainiako Gobernuari zuzenduko gatzaio, lan erreforma bertan behera uzteko promesa bete dezan eta pentsio publiko duinak berma ditzan eskatzeko

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, Madrilen lan erreforma eta pentsioen erreformaren inguruan datozen egunotan har ditzaketen erabaki garrantzitsuenen harira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “LAB mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean ari da, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Madrili begira, bai, baina Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko izaerarekin. Bide orri propio bat elikatu behar dugu, Euskal Bidea”.

Hala, langileek lana, pentsioa eta bizitza duina izan dezaten, azken urteetan erreformen bitartez eraikitako egitura guztia bertan behera utzi eta indargabetu behar dela nabarmendu du; hots, lan-harremanak eta pentsio-sistema eraldatu eta erreformatu behar direla.

Idazkari nagusiaren arabera, “azken urteetako politikak erabateko eraldaketa bateruntz zuzendu behar dira. Eraldaketa horretarako, LABek bi lege-proiektu aurkeztu ditu: euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa; Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan erregistratu ditugun proposamenak, hain justu”.

Bada, datozen asteotan erabaki garrantzitsuak hartuko dira lan erreforma eta pentsio-erreformen inguruan, eta, hortaz, sindikatuaren ustez, orain da unea Madrilen irekitako eztabaidetan eragiteko. “LABek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak ez dute ordezkaritzarik lan erreforma indargabetzeko edo pentsioen itun berri baterako eztabaida horietan. Horregatik, gutun bana helaraziko diegu Madrilgo Gobernua osatzen duten PSOE eta Podemos alderdiei”, iragarri du Garbiñe Aranburuk.

Zer eskatuko diegu?

-Lan erreforma indargabetzeko emandako hitza betetzea. Indargabetzea indargabetzea da, eta ez dugu onartuko hitzekin jolastea.

-Pentsio publiko duinak bermatzeko eskatzen diegu. Diru-sarrerak handitu behar dira, soldatak hobetuz eta gutxieneko soldata igoz, eta kotizazioen bidez diru-sarrerak handitu behar dira, kotizazioari mugak kenduz eta patronala gehiago zergapetuz. Horrekin nahikoa ez bada, aurrekontuen eta fiskalitatearen bidez.

-Lehenengo bi eskaerak betetzeko, CEOEren aurrean amore ez ematea eskatzen diegu. Indargabetzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ez da uztargarria; pentsio publikoak bermatzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ezta ere. Hori patronalari beto eskubidea ematea litzateke.

-Eskutitz horretan, halaber, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua edukiz hornitzeko dugun eskubidea errespetatzeko eskatuko dugu, gure lan eta bizi baldintzei buruzko inolako esku-sartzerik gabe erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzeko.

EH Bildu eta EAJri ere

EH Bildu eta EAJri ere bidaliko dizkiegu gutunak: EAJri eskatuko diogu langileok ez dugula AHTrik behar, lan eta bizi baldintza duinak behar ditugula, eta EH Bilduri lan erreforma indargabetzeko akordioa defendatzeko eskatuko diogu.Azken finean, botoak Euskal Herriko langileen zerbitzura jartzea eskatzen diegu, erreformak indargabetzeko eta murrizketa gehiago saihesteko.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu bezala, “klase politikoa interpelatu behar dugula uste dugu. Horixe egin zuen LABek Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan, eta horixe egingo dugu eskutitz hauekin. Izan ere, akatsa litzateke hartuko diren erabakien zain geratzea. Akatsa da Elkarrizketa Sozialetik aterako denaren zain egotea, beto-gaitasuna duen patronalarekin eta presio sozialerako inolako gaitasunik ez duen Estatuko sindikalismoarekin”.

Mobilizazioak patronalaren aurrean

Orain da unea. Kalera irten behar dugula berretsi du idazkari nagusiak: “Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikal eta sozialak kalera irten behar du denbora gehiago galdu gabe. Orain mobilizazioan urrats berriak emateko unea da, irmotasunez jokatzea dagokigu”.

Honen harira, LABek mobilizazioak egingo ditu azaroaren 17an, CONFEBASK eta CEN patronalen aurrean, “Madrili begira presioa egitea dagokigulako, bai, baina baita Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko ere”.


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...