2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaEnplegu prekarioa zabaltzeak pobrezia areagotzea dakar

Enplegu prekarioa zabaltzeak pobrezia areagotzea dakar

Biztanleria Aktiboaren Inkestak eskaini dizkigun datuen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan baino 25.700 enplegudun gehiago daude Hego Euskal Herrian. Hala eta guztiz, epe berean baino 3.000 langabe gehiago ere baditugu, enplegua bilatzen modu aktiboan ari diren langileen igoerak eraginda, Nafarroa Garaian %10,70eko langabezia tasa metatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoan %9,91koa.

Datuak adinaren arabera aztertzen baditugu, 35 urte baino gehiago dituzten langileen okupazioak behera egin duela ikusten dugu, gazteagoak direnen mesedetan, eta fenomeno bera agertzen zaigu langabeziaren datuetan ere, 25 urte azpikoen artean langabetu gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, baita epe bereko iazko datuekin alderatuz. Edonola ere, 25 urte azpiko langabezia tasak batez bestekoarenak baino nabarmen altuagoa izaten jarraitzen du, Nafarroa Garaian %16,30ekoa eta EAE-n %27,72koa.

Datu hauek honako bi gogoeta egitera garamatza. Batetik, adinean gora egin ahala enplegua bat aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela. Gainera, epe luzeko langabezia azken urtean izugarri hazi da eta gaurko datuen arabera langabetuen %45 baino gehiago daude egoera horretan.

Bestetik, sortzen ari den enpleguaren kalitatearen inguruko hausnarketa egin beharrean gaude, eta gogora ekarri, adinaren araberako soldata arrakala handitzen ari dela azken urteetan, eta azken datuen arabera, 35 urte azpikoen soldatak batezbestekoaren %20 baxuagoak direla.

Zantzu guztien arabera sortzen ari den enplegua prekarioa da, eta horrek, pobreziaren hedapena dakar. Izan ere, pobrezia beti ez dago langabezia edota enpleguaren eremutik kanpo geratzearekin loturik. Enplegua izateak pobrezian ez egotea laguntzen du, izan ere, heldu guztiak langabezian dauden bizi unitateen %43 benetako pobrezia egoeran dago. Baina era berean, enplegua duten eta pobrezia egoeran dauden pertsonek osaturiko bizi unitateen zenbatekoa ere oso esanguratsua da, enplegua izan arren, oinarrizko premiak asetzeko soldata duinik jasotzen ez dutenena alegia.

Zehazki, enplegu jarduerarekin duten loturaren arabera, honela banatzen dira benetako pobrezia-egoera jasaten duten bizi unitateak:

• Pobrezia jasaten duten bizi unitateen %28,3an enplegua duen pertsonaren bat dago, baina ez dute okupazio egonkorrik bizikidetza-unitateko kide guztiek.

• Pobrezia egoeran dauden bizi unitateen %14an pertsona heldu guztiek enplegu-jarduera bat garatzen dute eta, gainera, okupazio egonkorra dute.

Azken batean, benetako pobreziaren dauden bizi unitateen hamarretik lautan enplegua duen pertsona heldu bat behintzat badago. Enpleguaren prekarizazioak eta lan-baldintzen okertzeak, enpleguaren izaera integratzailea ahuldu dute, zenbaitetan bazterkeria-faktore bihurtzeraino.

Era berean, enplegua sortzea ez da nahikoa pobrezia desagerrarazteko edo nabarmen murrizteko. Egun, enplegua sortzeko enplegu-politikek edozein enplegu mota hartzen dute aintzat, lan-baldintzak kontuan hartu gabe. Eta horrek,

azken hamarkadan gertatu den legez, pobrezia eta bazterketa sozial handiagoetara eraman gaitzake, ez baditugu egiturazko aldaketak behartzen. Horretarako, ezinbestekoa da lan erreforma indargabetzea, baina ez nahikoa. Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak duindu nahi baditugu beharrezkoa da Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak ematea, eztabaida piztuz, proposamenak eginez eta mobilizazioak bultzatuz. Lan horretan ari da LAB.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.