2024-05-03
HomeEkintza SindikalaElkarretaratzea egin dugu Gasteizko Parlamentuaren aurrean, "Enplegu publikoaren lege hau hankamotz, guk...

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Parlamentuaren aurrean, “Enplegu publikoaren lege hau hankamotz, guk geure legea!” lemapean

LABek agerraldia egin du Parlamentuko Gobernantza Batzordean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen inguruan bere iritzia emateko. Gobernuak proposatutako Enplegu Publikoaren Lege honek ez ditu konpontzen langile publikoek pairatzen dituzten arazoak. Horregatik, enpleguaren alde mobilizatzen jarraituko du LABek. Kanpokaldean, mobilizazioa egingo dute LABeko kideek, “Enplegu publikoaren lege hau hankamotz, guk gure legea!” lelopean.

Eusko Legebiltzarrean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidari ekin diote legegintzaldi honetan ere. Dagoeneko hiru bider eztabaidatu da lege egitasmo hau eta orain arte ez da gobernuaren proposamenaren aldeko adostasunik lortu. Azaleko aldaketa batzuk gehitzen joan dira; nolanahi ere, hasierako proiektuaren norabidea mantentzen dela esan behar dugu, ikuspegi merkantilista eta asmo pribatizatzaileak, alegia. EAJ eta PSE alderdien artean duten gobernu akordioa baliatuz, oraingoan lege egitasmoa aurrera joango dela dirudi. Hala ere, sindikatu bat berak ere ez du egitasmoarekin adostasuna agertu.

LABek aurreko legegintzaldian aukera bat eman nahi izan zion negoziazioari. Lege egitasmoa hankamotza zela eta, zerbitzu publikoak babesteko eta garatzeko hainbat proposamen egin genituen, besteak beste:

• Egindako murrizketak leheneratzeko neurriak.
• Jasanezina den behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak.
• Zerbitzu publikoak indartzeko, beharrezkoak diren enpleguak sortzeko neurriak.
• Pribatizazioak ekiditeko neurriak.
• Administrazio publikoak enpresa pribatu moduan kudeatuak izan ez daitezen neurriak (lanbide karrera eta ebaluazio sistema arbitrarioak, eta zuzendaritza sistema alderdikoia).
• Administrazio publiko euskaldun eta feministak izateko neurriak.
• Estatuaren oinarrizko legediaren garapen hutsa izan ez dadin, legea burujabea izateko neurriak.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak ez ditu gure proposamenak aintzat hartu. Legegintzaldi honetan, halaber, ez du gurekin negoziatzeko inolako saiakerarik egin. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek ez dute bere agendan oztoporik nahi, eta, kasu honetan arrabola erabiliz, zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko lege bat aurrera ateratzeko erabakia aurrera eramango dute. Gure iritziz lege honek onartezina izaten jarraitzen du. Hauexek dira gure argudioak:

• Negoziazio kolektiboa ukatzen du eta inposizio eredua betikotu.
• Zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak parez-pare irekitzen dizkio.
• Egindako murrizketak betikotzen ditu.
• Administrazio publikoen kudeaketa merkantilista eta alderdikoia ahalbidetzen du. • Enpleguari dagokionez, estatuko legediaren menpe dago.
• Enpleguaren egonkortasunerako bermerik ez du jasotzen.

Hori guztia dela eta, LABen argi dugu Eusko Jaurlaritzaren agenda baldintzatzeko mobilizazioekin jarraitu behar dugula. Enplegua sortu eta egonkortzeko aldarrikapena oinarri sektore publikoan greba orokorra egin genuen pasa den apirilean. Osasun krisiaren ostean itzuli da gure agintarien negozio-gosea. Oinarrizkoak diren zerbitzu publikoak babesteko geure legeak behar ditugu, ez beste legeen garapen hutsa den lege hankamotza. Borrokak bateratzeko garaia da eta LABek ez dio, lege hauen aurrean, borroka eta mobilizazioari uko egingo. Arrazoi gehiagorekin, orain greba orokorra!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.