2026-05-04
HomeEkintza SindikalaArabako Esku-hartze Sozialeko langileek euren lana aintzat hartzea eta aintzatespen hori hitzarmen...

Arabako Esku-hartze Sozialeko langileek euren lana aintzat hartzea eta aintzatespen hori hitzarmen duin batean isla izatea eskatu dute

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak mobilizazioekin jarraitzen du, hitzarmen duin baten alde, EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz. Sindikatuok aurreikusitako mobilizazio egutegiaren baitan egin dugu gaurko elkarretaratze zaratatsua, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Hau da LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok igorritako oharra, gaurko mobilizazio egunaren harira:

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreko 2. mobilizazio eguna burutu dugu hitzarmen duin baten alde, EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz

Kudeatzen diren zerbitzuak % 100 publikoak dira, pandemia osoan funtsezko jardueratzat hartu den sektore batean. Behar-beharrezkoak diren zerbitzuak dira, eta erabiltzaileei bai ala bai eskaini behar zaizkienak. Krisi honetan, langileek argi erakutsi dute beraien gizarte erantzukizuna, beren lanarengan indar guztia jarriz eta egoerari elkarrekin aurre egiteko prest daudela erakutsiz.

2020ko abenduaren 10ean, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen. Une horretatik aurrera, 9 negoziazio-bilera egin dira, baina aurrerapenak oso txikiak izan dira. Sektoreko patronalak, AISAk, bere jarrera aldatzeko planteatutako oztoporik handiena erakundeek hitzarmenean proposatutako hobekuntzen finantzaketa bermatzeari uko egitea izan da.

Negoziazio mahaian gauden sindikatuok, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT, bat gatoz sektorearen baldintzak hobetzeko ekimenik ez duen patronalaren jarrerak eragindako amorruarekin. Iritsiko ez dela dakiten dei edo bilera baten zain besoak gurutzatzea ez da sektoreko langileek patronalarekiko duten jarrera.

Hamar hilabete baino gehiagoren ostean, AISAk ez duela proposamen formalik aurkeztu sindikatuen proposamenetarantz hurbilketarik saiatzeko salatzen jarraitzen dugu; horren adibiderik argiena, patronalak % 4ko soldata-igoera planteatzen duela 3 urtean, urte arteko KPIa 2021eko irailean % 4koa bada ere. Hau da, sektoreko langileoi erosteko ahalmena bermatzea ere ez da planteatzen. Sekulako adarjotzea oso baldintza eskasetan dagoen sektore batentzat.

Sindikatuen planteamenduak, uda baino lehen plantillei galdetu ondoren, nabarmen murriztu zituen hasierako itxaropenak, eta soldatak % 6,5 eguneratzea zekarren oraingoan. Gainera, 2021-2023 Hitzarmenaren indarraldirako KPIaren bermearekin eta urteko 8 orduko lanaldi- murrizketarekin, aldi baterako ezintasunaren osagarrian, lizentzia eta baimenetan, familia, gizarte eta lan-bizitza uztartzeko eskubideetan, eta txanda-plusen eta txanda-kontratuaren arteko bateraezintasun batzuk ezabatzea suposatuko luke.

Egoera horren aurrean, gaur, urriak 27, berriro ere Probintzia Plazan mobilizatzen gara, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak erakunde publikoei finantza ditzaten eskatuz, eta AISA patronalari egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezatela eskatuz, sindikatuek eskatutako baldintzak lehenbailehen adostuz.

Erakunde publikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzearen beharra dute, eta, besteak beste, lan-baldintzak hobetu behar dituzte hain feminizatuta dauden sektoreetan, hala nola Esku-hartze Sozialean. Ezin gara Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako diputatuak azken urtean egindakoak bezalako aitorpen pribatu ezta publikoekin ere konformatu, Arabako Esku- hartze Sozialaren III. Hitzarmenaren finantzaketa bermatu behar da 2022ko aurrekontuetan.

Borondate politikoarekin, aitzakia faltsu eta zaharrak ahaztuta, hala nola Espainiako ekonomiaren desindexazioaren legea sektorean aplikatzea, izan ere Arabako Aldundiak bakarrik planteatzen baitu Estatu osoko erakunde guztien artean. Lege hori ez da derrigorrezkoa, EAJk Aldundian duen gobernukideak, PSEk, urriaren 18an batzarkide-taldearekin izandako bileran argi eta garbi esan digunaren arabera.

Guztiz ulertezina da konpromiso politikorik ez izatea, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi aurtengoak historiako aurrekonturik altuenak direla entzuteaz nekatuta gauden bitartean.

Gaur, ozen eta argi, sektoreko profesionalen lana aintzat hartzea eskatzen dugu, eta aintzatespen hori ezinbestean hitzarmen duin batetik etorriko da. Berriz kalean irabazi beharko dugu, 2017ko amaieran egin genuen bezalaxe, sektoreko 3 greba-egun arrakastatsu barne hartu zituzten mobilizazioekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...