2026-05-04
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaBi urte hizkuntza-eskubideak urratzen

Bi urte hizkuntza-eskubideak urratzen

Nafarroako Gobernuak euskaldunen eskubideen aurka egiten duen azkenaurreko murrizketaren aurkako elkarretaratze jendetsua egin dugu Iruñean, Sarasate pasealekuan, PSNren egoitzaren aitzinean.

Hain zuzen ere, bi urte baino gehiago igaro dira Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren zenbait artikulu epai bidez baliogabetu zituztenetik; dekretu hura aurreko gobernuak egin zuen. Baliogabetutako artikuluak, funtsean, komunikazio, abisu eta errotulazioetan elebitasuna arautzen dutenak dira, bai eta eremu mistoko, eremu ez-euskalduneko eta zerbitzu zentraletako lanpostuetarako lehiaketa-oposizioetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ere.

Errealitatean, UGT, SPA, SMN, SATSE eta Afapna sindikatuek babesten duten erabaki hori dela medio, Nafarroako herritarren hizkuntza-eskubideek hamarkada batzuk atzera egin dute, eta merezimendu gisa puntuatu gabe uzten da Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako baten ezagutza; aldiz, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza puntuatu egiten da. Era berean, praktikan, ezinezkoa da herritarrek Administraziora euskaraz jotzea, hala egin nahi badute.

Zentzugabekeria horren konponbidea ez zen, berez, zaila. Aski zen dekretuaren idazketa egokitzea, horren bidez segurtasun juridiko nahikoa emateko. Hala iragarri zuen Maria Chivite Gobernuko presidente berriak 2020. urtearen hasieran, urte horretako udazkenerako idazketa berria egongo zela ziurtatuz. Baina, 2021eko urrian gaude, eta ez dago dekretu berriaren arrastorik, nahiz eta aldian-aldian iragartzen den haren aurkezpena berehalakoa izango dela.

Argi dago PSNren taktika zein den: gobernuko kideen (Geroa Bai, Podemos eta IU) konplizitatearekin, denbora pasatzen uztea, eta, bien bitartean, pasatzen den egun bakoitzean Nafarroako herritarren zati handi baten eskubideak urratzen ari dira.

LABek herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eskatzen jarraitzen du; jarraitzen dugu eskatzen Administrazioak berma dezala pertsona guztiek Nafarroako geografiako edozein lekutan bi hizkuntza koofizialetako edozeinetan hitz egiteko eta arreta jasotzeko duten eskubidea. Horretarako, Administrazioan euskara erabiltzeari buruzko dekretu berri bat eskatzen dugu, lehiaketa guztietan euskara merezimendutzat hartuko dela bermatze aldera; horrekin batera, euskara eskakizuna duten lanpostu gehiago definitzeko ere eskatzen dugu, gisa horretan, zirkuitu elebidunak ezarri eta hala nahi duten herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...