2024-05-07
HomeFederazioakIndustriaInbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu Mercedesi, etekin guztiak dibidendutan banatu ondoren

Inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu Mercedesi, etekin guztiak dibidendutan banatu ondoren

LAB sindikatuak Mercedeseko egoeraren azterketa ekonomikoa egin du eta bertatik hainbat datu argigarri atera ditugu: pandemia betean, 2019ko etekin guztiak banatu zituzten, eta, gainera, txip erdieroaleen krisian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak banatzea proposatu dute. LABen ustez, jokabide horrek Mercedes enpresaren zekenkeria eta diru-gose mugagabeak islatzen ditu eta horregatik inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu plantila ABEEan egonda, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta eta soldata-eskala bikoitza jasanda.

2020ko ekainean, pandemia betean, eta langileak ezinbesteko EEE batean sartu ondoren, Mercedes-ek dibidenduetan 150 milioi euro baino gehiago banatzea erabaki zuen, hau da, 2019ko mozkin guztiak.

Hori gutxi balitz, erdieroaleen hornikuntza gabezian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak dibidenduetan banatzea proposatu du. Are gehiago, dibidenduen banaketa hori egiteko, Mercedes enpresak uko egin die 8/2020 Errege Dekretuaren ondorioz Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenen hobariei, joan den urtean Ezinbesteko EEE bat aplikatzeagatik. Guztira, Mercedes enpresak 4 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkio Gizarte Segurantzari dibidenduak banatu ahal izateko.

Orokorrean, 2016tik Mercedesek ia 1.000 milioi euro banatu ditu dibidenduetan. Gaur egungo egoeran, eskandalagarria iruditzen zaigu enpresak logika kapitalistarik gaiztoenari jarraitzea, etekin guztiak bereganatuz. Mugarik gabeko zekenkeriari erantzuten dio; izan ere, ziurgabetasun-egoera honetan egiturak indartu eta enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu ordez, Mercedes-ek nahiago du poltsikoak betetzea.

Hori dela eta, dibidenduak banatu beharrean, etorkizunari aurre egiteko behar diren inbertsioak egitea eta langileen enplegu duina bermatzea exijitzen du LABek. Ezin dugu ahaztu plantilla ABEEan dagoela, langabezia-prestazioa kontsumitzen, enpresak blokeatuta duela Hitzarmenaren negoziazioa, langile berriei soldata-eskala bikoitzarekin zigortzen dituela,…

Azkenik, erakundeei dei egin nahi diegu behar diren neurriak har ditzaten jarduera horiek saihesteko. Egoera koiuntural baten aurrean, ezin da izan herritar guztien zerbitzu publikoak lan-falta koiunturalaz arduratzea eta enpresak berak ehunka milioi euro poltsikoratzea. Bada garaia enpresa handien dibidenduen banaketari mugak jartzeko, muga gabeko zikoizkeria horrekin amaitu behar da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.